Scooter klasikoek hartuko dute Arrasate etzi, lagunarte giroan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko uzt. 4a, 17:54

Arrasateko Herensugeak Scooter klubak bigarren Mondrally-a antolatu du etzirako, hilak 6. Scooter klasikoak maite dituzten zenbait lagun elkartu ziren 2011n; elkar ezagutu eta harremana sendotu ostean, iaz lehen aldiz antolatu zuten erakusketa eta irteera. Helburua, Lander Galdos klubeko kideak azaldu digunez, Arrasateko herriari scooter klasikoen zaletasuna ezagutaraztea eta 'scooteristak' Arrasaten batzea.

Lehen Mondrally hura arrakastatsua izan zen. Zaharberritutako 30 motor elkartu ziren eta herritar asko inguratu zen Seber Altube plazara motorrak ikustera. Aurten ere antzeko kopurua espero dute: "Dagoeneko 30 inguruk eman dute izena eta ziur baten bat gehiago etorriko dela. Bartzelona, Gasteiz, Andoain... kanpotik motorzale askotxo etorriko dira", dio Galdosek.

Erakusketa Herriko plazan, 11:30ean

Aurten erakusketa Herriko plazan egingo da, 11:30ean. Bertan erakutsiko dituzte euren harribitxiak. Orduan emango dute izena oraindik egin ez dutenek; egunean bertan 40 euro ordaindu beharko da. Prezio  barruan sartuko da hamaiketakoa, kamiseta eta partxe bana eta baita Udala auzoko Larrinetxe jatetxean egingo duten bazkaria ere. Plazako erakusketaren ostean, 12:30ak aldera, herriko kaleetatik buelta bat egingo dute eta gero Aramaio, Elgeta eta Bergara aldetik ibiliko dira: "Dena modu seguru baten, abiadura txikian eta bigarren mailako errepideetatik", diote.

Jaialdia DAT tabernan

Beraz, txangoaren ostean egingo dute bazkaria eta bazkalostean garaikurrak banatuko dituzte: Arrasatera heltzeko motorrean kilometro gehien egin dituenari, scooter politenari eta scooter trauskilenari emango diote saria. Eguna borobiltzeko DJ ezberdinen saioak egongo dira DAT tabernan, 1950eko, 1960ko eta 1970eko musika dantzagarriarekin. Jaialdirako sarrera doakoa izango da. 

Antolatzaileek argi utzi gura izan dute Mondrally-a ez dela lasterketa bat, txango bat baizik: "Motor klasikoak garajetik ateratzea eta kanpotik datozenei Arrasateko inguruak erakustea gura dugu", adierazi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak