Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko manifestazio jendetsua Arrasaten

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko eka. 25a, 21:41

San Juan egunerako aurreikusita zegoen euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko kalejira debekatuta geratu ostean, Txosna Batzordeak gaurko deitu duen manifestazioan ez da arazorik egon. 18:30ak pasata zirela irten da Seber Altube plazatik, Txosnagunean amaitzeko. Jende askotxok egin du bat deialdiarekin; Garikoitz Lopez de Munain Txosna Batzordeko kideak esan digunez, erantzuna "zabala" izan da: "Jakinda jaiak direla-eta batzuk ez direla agertu, jendeak ondo erantzun du. Horrek adierazten du haserrea badagoela eta indarrak dauden bitartean horri eutsiko diogu". Euskal presoen zein iheslarien aldeko oihuak entzun dira etengabe. Txosna Batzordeak kaleratu duen oharra irakurtzeko, klikatu albiste barruan.

Lopez de Munainek digunez, "debeku guztien gainetik salaketa irmo" bat egitea zen gaurko aldarrikapenaren helburua: "Eurek oztopoak planteatzen dituzte etengabe eta gure jarrera da borrokan jarraitzea. Esaten duguna, jaiak bai, borroka ere bai. Arrazoiak ditugun bitartean borrokan jarraituko dugu".

Txosna Batzordeak kaleratutako oharra

Arrasateko txosnen batzordea osatzen dugun eragileok oso kezkaturik gaude euskal preso eta iheslari politikoek jasaten duten egoerarengatik.

Jesus Mari Zabartek 29 urte daramatza espetxean eta bizi arteko zigorraren doktrina aplikatu diote.
Gainontzeko 11 presoak dispertsaturik aurkitzen dira Espainiar zein Frantziar estatuetako espetxeetan  gure herritik ehunka kilometrotara.

Egunero urratzen dira gure herritar diren hauen zein beraien senideen eskubideak. Berehala salbuespen neurrietan oinarritzen den espetxe politika honen desaktibazioa eskatzen dugu.
Gaixo larri aurkitzen diren presoen etxeratzea
Biziarteko zigorraren desaktibazioa (197/2006 doktrina indargabetuz)
Euskal Preso guztien euskal herriratzea.

Gure herria aro berri baten aurrean aurkitzen da. Tamalez, bi estatuen jarrera blokeoan oinarritzen da. Blokeo hori gainditu behar dugu eta bide horretan Arrasateko eragileok ere gure konpromisoa hartzeko prest gaude. Horrela, herritarrak gonbidatu gura ditugu Ekainaren 25ean arratsaldeko 18:30ean Seber Altube enparantzatik abiatuko den manifestaziora. Eskubide urraketa hauekin amaitzeko bakoitzak bere aletxoa eman behar dugu eta.

Giza eskubideak. Konpobidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira!
Txosnen batzordeko eragileak; Bilgune feminista, Ernai, Mujika taldea, Euskal Herrian euskaraz, Arrasateko gaztetxea, AHT gelditu , Askapena, TTAK! AED, Sortu, Arrasateko eskubaloi taldea, Ikasle abertzaleak, Herrira, OINTXE saskibaloi taldea. Arrasateko EH Bilduk ere bat egin du deialdiarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak