AMD: "AMDren oinarria rock-and-rolla da; ez 50eko hamarkadakoa, baina rock-and-rolla"

Jagoba Domingo 2013ko eka. 26a, 02:00

AMD, Aspira Mi Disparo, Arrasateko punk-rock-and-roll talde gazte bat da. Beste hainbat talde bezala, entseatzeko lokal bat lortu eta bertan sartu ziren 16 urte zituztenean, gogoko taldeen kantuak jotzeko. Ordutik hona, baina, sei urte pasatu dira eta dagoeneko AMD ez da gaztetan denbora-pasa moduan sortu zen proiektu bat. Gaur egun, boskoteak kontzertu ugari eskaini ditu eta estreinako diskoa grabatzeko prest dago. Gaur, baina, Arrasateko gaztetxean joko dute, San Juan jaien barruan; horrenbestez, taldea zuzenean ikusteko aukera aparta da.

Noiz sortu zenuten AMD?

2007. urtearen bueltan sortu genuen taldea Pellok, Xabinek eta nik [Manex]. Hala ere, Aitor proiektua hasi eta hiru hilabetera hasi zen gurekin abesten; beraz, laurok elkartu ginenean sortu zen AMD. Hasieran, Almen inguruan zegoen lokal batean entseatzen genuen; Aretxabaleta aldera egin genuen jo ahal izateko. Urte politak izan ziren, baina entseatzeko Arrasatetik kanpo joan beharra oztopoa zen, gutako inork ez zuelako autorik.

Hala ere, ordurako beste talde batzuetan ibilitakoak zineten.

Bai; Pello eta Xabin, The Zucchinis taldean; eta ni, Bergaran, beste proiektu batekin. Hala ere, talde hauek ez ziren oso serioak, eta gu zerbait gehiago egiteko nahia genuen. Hori dela eta, elkartu eta besterik gabe jotzen hasi ginen. Denbora aurrera joan ahala, gauzak ondo zihoazela ikusi eta jarraitzea erabaki genuen. Horrez gain, esan bezala, Aitor abeslaria izan da hasieratik eta Jokin ere taldeko partaide izan zen duela hiru bat urtera arte.

Gaur egun, baina, taldearen egoera egonkorragoa da, ezta?

Bai, Jokinek utzi zuenean laukote bezala urte pare bat eman genituen, baina duela zortzi bat hilabete, Gorroto taldean gitarra-jole ibilitako Manex ere gurekin jotzen hasi zen. Horrez gain, orain lokala Arrasaten bertan dugu eta taldeari on egin dio, entsegu gehiago egin ditzakegu eta. Lokala 360 aretoa zenaren ondoan dugu; Arrasateko gaztetxeko lokaletan sartzeko ahalegina egin genuen, baina talde gehiegi zeuden itxaron-zerrendan. Beraz, beste talde batekin elkartu eta bertan sartu gara.

Beste instrumentu bat taldean sartzeak izan du eraginik musikan?

Bai, zalantzarik gabe. Laukote moduan eman dugun denboran, Pello gitarra-jolea gitarra erritmikoaz, punteatzeaz eta koruez arduratzen zen. Orain, baina, askatasun handiagoa du Pellok, eta Manexek ere kantuei bere ekarpenak egin dizkie eta kantuek indar handiagoa dute, base erritmikoa sendoagoa da.

Zuen musika definitu beharko bazenute...

Rock musikaren askotariko adarren influentziak ditugu. Rock-and-rolletik, hardcoreraino, ska musikatik pasatuta. Bakoitzak musika ezberdina entzuten du eta hori ezinbestean igartzen da. Hala ere, oinarrian rock-and-rolla dago; ez 50eko hamarkadako klasikoa, baina rock-and-rolla, azken finean.

Beraz, hainbat influentzia batzen dira AMDn?

Bai; influentzia nagusiak, normala den moduan, urteekin aldatzen joan dira. Jotzen hasi ginenean, Codigo Neurotico, MCD, La Polla Records eta Cicatriz ziren. Gaur egun, baina, musika mota gehiago entzuten dugu eta bakoitzak bide batetik jo du. Hala ere, denok gustuko ditugun taldeek hor segitzen dute.

Diskoa grabatu behar duzuela entzun dugu.

Gutxi barru, Aretxabaletako Nekrosounds estudiora joko dugu, ibilbidean zehar egin dugun kantu sorta grabatzeko. Guztira, 14 kantu izango dira, guztiak gureak, baina elkarren artean nahiko ezberdinak izango dira. Izan ere, azkeneko urteetan egin ditugun kantuak grabatuko ditugu, zaharren eta berrien artean aldea baitago. Azken finean, AMDk orain arte egindakoaren testigantza izango da. 

Lehenengo lana izango da; urduritasunik nabaritzen duzue?

Egia esan, zertxobait, bai; estudio batean sartuko garen lehenengo aldia izango da. Kantuak prest eraman arren, tentsio puntu hori gurekin dugu, baina normala dela uste dugu.

Zergatik aukeratu duzue Aretxabaletako estudioa?

Manex gitarra-oleak bertan grabatu du, eta, emaitzarekin pozik amaitzeaz gain, harremana ere oso ona izan zen. Talde gaztea gara eta medio askorik ez dugula kontuan hartu behar dugu.

Banaketa nola egingo duzue?

Oraindik ez daukagu zehaztuta; edozelan ere, Teletetxoren laguntza izango dugula espero dugu. Diskoak, gero, Arrasateko tabernetan jarriko ditugu salgai eta zuzenekoetan saltzen saiatuko gara.

Gaur gaztetxean joko duzue; zer aurkituko du bertara gerturatzen denak?

Hasteko, diskoak jasotzen dituen kantu gehienak, eta, horrez gain, ikusleak berotzeko bertsio batzuk joko ditugu, hala nola Kiss, Hertzainak eta Codigo Neurotico. Aukera polita da herriko jaietan jotzea, jende ugari hurbiltzen delako gaztetxera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak