Txalapartaren aitzakian, festa

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko eka. 25a, 13:55

Arrasateko Ttakun txalaparta taldeak Txalaparta Festa egingo du ekainaren 29an; herrikoez gainera, Bergarako, Aramaioko, Aretxabaletako eta Urretxuko txalapartariak izango dira. Txalapartaren aitzakian antolatutako egun osoko jaian, besteak beste, txalaparta saio libreak, herri bazkaria eta tabernaz tabernako saioak izango dira.

Aurten Arrasaten ere bai 

Ttakun taldekoek aspalditik zuten  Arrasate txalapartarien topaleku bihurtzeko gogoa, badute-eta beste herri batzuetara joateko ohitura: "Badira urte batzuk beste txalaparta egun edo topaketetara joaten garela; gaur egun asko dauden arren, aipagarrienak dira, besteak beste: Araban Araiakoa, Gipuzkoan Hernanikoa, Nafarroan Iruñekoa eta Bizkaian Sestaokoa. Euskal Herriko txalapartarien topaleku bihurtzeaz gainera, egun-pasa politetarako aitzakia aproposak izaten dira", dio Gorka Zubizarretak Zarre-k, Ttakun taldeko kideak.  

Arrasateko txalapartariek aspalditik zeukaten jaia antolatzeko asmoa, baina, taldeak azken urteetan izan dituen gorabeherak direla-eta, ez zuten egun osoko egitaraua antolatzeko nahiko indarrik. "Aurten, baina, taldea egonkortu eta sendotu egin da, besteak beste, eman ditugun ikastaroak horretara bultzatuta; hori horrela, 10 lagun elkartu eta animatu egin gara jaialdi xume  baina, era berean, publiko zabalarentzako erakargarria prestatzera", gaineratu du.  

Urretxutik eta Debagoienetik 

Debagoieneko txalapartariei ate joka hasi ziren orduan; talde ofizial moduan Arrasaten bakarrik dagoen arren, herri guztietan daude maiztasun handiago edo txikiagoarekin jarduten duten txalapartariak. "Debagoieneko txalapartariek elkar ezagutzeko helburuaz eta, bide batez, txalapartarien artean sarea sortu ahal izateko, herri guztietako ordezkaritza bat bildu nahi izan dugu hasieratik. Hori horrela, guk emandako ikastaroetatik edo bestelako ekimenetatik aurrez ezagutzen genituenei egin bagenien gonbidapena, besteak beste, agenda arazoak direla-eta ez dira gonbidatutako guztiak etorriko. Azkenean, Aretxabaletakoak, Bergarakoak eta Aramaiokoak batuko dira gure jaira", dio taldeko Iñaki Telleriak Telle-k.

Aipatutakoez gainera, Urretxuko Zuhaitzaren soinua kolektiboa ere etorriko da Arrasatera: "Aspalditik dugu haiekin harremana; ibilbide luzea eta emankorra dute, diskoak ere badituzte argitaratuta", dio Zubizarretak. Eta gaineratu du txalapartarekin asko esperimentatu duen taldea dela eta musika elektronikoarekin eta bestelako doinuekin maisuki uztartu izan dituztela egurrezko makilekin sortutako kolpeak. "Urretxukoen saioa ikusgarria izango da; beste taldeak txalaparta tradizionalaren esparruan gaude eta euren saioa, berriz, esperimentalagoa izango da, bestelako musika tresnak ekartzeko asmoa dutela esan digute".

Txalaparta bizkarrean hartuta 

Ohikoak ditugun triki-poteoetan moduan, erdiguneko zazpi taberna bilakatuko dituzte agertoki. Taberna bakoitzean txalapartari bikote batek hamar minutuko saioak egingo ditu, gaztetxeko bertsolariek aurkeztuta.

Tabernaz tabernako bidea bizkarrean txalapartak garraiatuta eta Hamelingo txistulariak balira bezala kalejiran egingo dute gaztetxeko albokarien doinuek lagunduta: "Gure nahia litzateke tabernaz taberna hurbiltzen zaizkigun herritarrak gurekin eramatea Herriko Plazaraino", diote antolatzaileek.

Sagardoa txalapartari lotuta

Auzo guztietara txalapartaren doinuak hedatzeko asmoz, Goikobaluko gaztelu zaharretik egingo duten dianarekin zabalduko dute egitaraua.

Goizeko ekitaldiak Herriko Plazan kokatu dituzte: txalaparta saio libreak lehenengo eta irrintzilarien saioa ondoren. "Hurbiltzen diren guztiak txalaparta probatzera bultzatuz lau txalaparta muntatuko ditugu, eta horietako bi haurrentzako egokiak izango dira. Pintxoak eta sagardoa ere salduko ditugu, tradizionalki sagardoaren kulturara lotuta dago-eta txalaparta", diote Ttakunetik. Aspaldiko dokumentuek diote garai baten sagardoa egiteko bi lagunen artean makil handi batzuekin kolpatuz zukutzen zutela sagarra eta gero txalapartaren bitartez abisatzen ziotela elkarri, baserri hartako uzta probatzera gonbidatuta. 

Herriko emakume irrintzilariek borobilduko dute goiza, Udalpe elkartera bazkaltzera joan aurretik. Txartelak plazan salduko dituzte, 12 eurotan (langabeendako, berriz, 8 eurotan).

-----------------

Duela 20 urte jaiotako taldea

Bilbon ikasten zuten Kepa Altube Kopi eta Igone Kazalisek 1988. urtean erakutsi zuten lehenengoz herrian Bilboko gaztetxeko txalaparta eskoletan ikasitakoa. Garaiko punk estetikadun txalapartariek 1993. urtean sortu zuten Ttakun taldea. Duela 20 urte ereindako haziak bizirik dirau eta osasuntsu dago Ttakun. Hamar lagun batzen dira txalapartaren aitzakian, eta, abian duten Ttakunkide kanpainarekin, kide berriak batu gura dituzte, taldeak luzaroan iraun dezan.

-----------------

Txalaparta festa 2013

10:00 Diana (Goikobaluko gaztelu zaharretik).

11:00 Txalaparta saio libreak (Herriko Plazan). Pintxoak eta sagardoa izango dira.

13:00 Irrintzilariak (Herriko Plazan).

14:30 Herri bazkaria (Udalpe elkartean). 

18:00 Tabernaz taberna txalapartarien saioak. (Arrasateko gaztetxeko bertsolariek eta albokariek lagunduta).

 -18:00: Bengoan, Arrasateko hasiberriak.

 -18:30: Taupan, Bergarakoak.

 -19:00: Amaiurren, Aramaiokoak.

 -19:30: Ekaitzen, Arrasateko beteranoak.

 -20:00: Iratin, Aretxabaletakoak.

 -20:30: Arrasaten, Urretxukoak.

 -21:00: Kajoin, Arrasateko oso beteranoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak