Arrasateko Txosna Batzordeak manifestazioa deitu du martitzenerako

Mirian Biteri 2013ko eka. 23a, 21:05

Arrasateko Txosna Batzordea osatzen duten eragileak "oso kezkatuta" azaldu dira "euskal preso eta iheslariek jasaten duten egoerarengatik". Hori dela-eta, martitzenerako, 18:30ean, Seber Altube plazatik irtengo den manifestazioan parte hartzeko deia egin du.

Arrasateko Txosna Batzordeak bidalitako oharrean salatu du Jesus Mari Zabartek 29 urte daramatzala espetxean eta 197/2006 doktrina aplikatu diotela, eta gainontzeko 11 preso sakabanatuta daudela espainiar zein frantziar estatuetako espetxeetan.

Honakoa aipatu du: "Egunero urratzen dira gure herritar diren hauen zein beraien senideen eskubideak. Berehala salbuespen neurrietan oinarritzen den espetxe politika honen desaktibazioa eskatzen dugu". Hain justu, gaixo dauden presoen etxeratzea, 197/2006 doktrina bertan behera uztea eta euskal preso guztien euskal herriratzea.

Txosna Batzordearen arabera, Euskal Herria "aro berri baten" aurrean dago, eta horren bueltan, salatu du "tamalez" Espainia eta Frantziako estatuen jarrera "blokeoan" oinarritzen dela: "Blokeo hori gainditu behar dugu eta bide horretan Arrasateko eragileok ere gure konpromisoa hartzeko prest gaude. Horrela, herritarrak gonbidatu gura ditugu ekainaren 25ean, 18:30ean, Seber Altube enparantzatik abiatuko den manifestaziora. Eskubide urraketa hauekin amaitzeko bakoitzak bere aletxoa eman behar dugu-eta".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak