AEDren 30. urteurrenean, Dragoi Janak euskal giroa berpiztu du

Goiatz Arana Begiristain 2013ko eka. 23a, 11:55

Euskal giroa sortzea zuen helburu atzoko herri-afariak, eta lortu zuen: 325 lagun batu ziren Herriko Plazan –300 afaltzera eta 25 lanera– eta, egun aldaketari esker, ohi baino patxada gehiagoz gozatu ahal izan zuten euskal giroko afariaz eta osteko egonaldiaz.

Klasiko bat da Dragoi Jana Arrasaten, 18 urte bete ditu aurten; eta Dragoi Jana antolatzeaz arduratzen den AED Euskara Elkarteak, berriz, 30. Urteurren berezia izan da, beraz, aurtengoa, eta hori behar den moduan ospatzeko nahiak bultzatuta egindako aldaketek emaitza onak eman dituzte: 

  • 24tik 22ra aurreratu izanak, ohi baino lasaitasun gehiagoz gozatzeko aukera ekarri du berekin: "24koa egunik potoloena da eta egun horretako egitaraua oso-oso estua da, ondorioz. Aldiz, aurten, Dragoi Jana 22an izatera, ez dugu hasteko presaka ibili beharrik izan, eta afal ostean ere ohi baino lasaiago egon ahal izan gara. Ekitaldi honi beste patxada bat eman nahi genion, eta lortu dugu. Arratsaldean Arrasateko Gazte Euskaldunen Topaguneak antolatutako jolasak ere egon dira...", kontatu digu AEDko Itxaro Artolak.
  • Prezioa merkatu dute eta horrek ere eragin du; inoiz baino gazte gehiago izan da aurtengo Dragoi Janean. 
  • Afal osteko ikuskizunen atala indartu dute: normalean bertso jaialdi bat antolatzen dute eta aurten bertso ikuskizun bat sartu dute egitarauan. Eta tribial erraldoiak –beste urte batzuetan ere egin dute– arrakasta izan du.

Horiek izan dira aurtengo nobedadeak eta, atzo Dragoi Jana nola joan zen ikusirik, hoberako izan direlakoan daude AEDkoak. Adin nagusitasunean mejoratuta sartu da, beraz, Dragoi Jana: euskal giroan eta, inoiz ez bezala, presa barik, ospatu du bere urtebetetzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak