Gaztetxo arrasatearrek erakustaldia egin dute errubera gainean

Goiatz Arana Begiristain 2013ko eka. 22a, 19:31

Txatxilipurdik antolatuta, Urban festa egin zuten bariku arratsaldean, Nafarroa Etorbideko bowl-ean. Hirugarren urtez egin dute aurten eta, aurreko urteetan baino jende apur bat gutxiago izan bada ere, giro polita sortu da, antolatzaileen esanetan.

Gazte eta heldu, 60 bat lagun erakarri ditu festak, eta 14 lagunek parte hartu dute Skate, Roller, BMX eta Scooter modalitateetan. Mattin Rozas, Mikel Gallacher, Markel Elortza eta Jon Iriondo izan dira irabazleak, hurrenez hurren. 

X Kirolen Bideo Lehiaketa

Aste Santuan abiarazi zuten lehiaketa, eta hiru lan aurkeztu dituzte guztira, arrasatearrek eginak eta Arrasaten bertan grabatutakoak; oso lan txukunak, epaimahaikideek kontatu digutenez. Ur Bruñak eraman du lehen saria; Mattin Rozasek, bigarrena; eta Jon Izagak, hirugarrena. Urban festan, sariak banatu eta bideoak proiektatu dituzte.

Graffiti erakustaldia eta saskibaloia

Graffiti erakustaldia ere izan da  bariku arratsaldeko festan, Andoni Iñurritegi Potxokoren eskutik. Eta baita Hirunako Saskibaloi Txapelketa ere: "Nesken parte-hartzea bultzatu gura genuen, eta horretarako ideia ona iruditu zitzaigun saskibaloi txapelketa bat antolatzea. Neska-mutilez osatutako bost taldek parte hartu dute eta ondo joan da", kontatu digute Txatxilipurditik.

Udan, ezberdin

Barikuko Urban Festarekin, ikasturtean zehar egindako lana borobildu dute Arrasateko gaztetxokoek. Uztailean udalekuek eta Udaixek hartuko diete erreleboa, eta gaztetxokoetako ateak irail erdi inguruan irekiko dira berriz. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak