Jaietako zinegotziaren dimisioa ere eskatu dute. Horrez gain, jakinarazi dute "terroristei gorazarre" egiten zaien jaietako ekitaldi ofizialetan ez dutela parte hartuko. Hilaren 24rako presoen eskubideen alde antolatutako kalejira egitarauan egotea "onartezina" dela uste du PSE-EEk eta euren "erantzun bakarra" Udalak antolatutako ekitaldietara ez joatea dela esan dute.
Gartziaren arabera, euskal presoen aldeko kalejira "terrorismoak existitzen duenaren oroigarri" bat da eta "Bilduren probokazio" horrekin euren balioak defendatuko dituztela dio: "Fanatismoaren eta intolerantziaren aurrean, terrorismoaren biktimak defendatu eta errespetatu behar ditugu".