Arrasateko 'Presoen aldeko kalejira' debekatu egin dute

Ubane Madera 2013ko eka. 22a, 12:24

Donostiako administrazioarekiko auzietako epaitegiak debekatu egin du datorren astelehenean Arrasateko Sanjuan jaien barruan iragarrita zegoen Presoen aldeko kalejira. Carlos Urquijo Espainiako Gobernuren ordezkariak errekurtsoa jartzeko eskatu zion Estatuko abokatuari, eta hortik dator oraingo epailearen erabakia. Arrasateko Udal Gobernuak "laster" emango du erabaki horren gaineko iritzia. 

Sanjuanetako udal egitarauaren barruan dago sartuta asteleheneko deialdia, 18:30erako. Eta hain justu ere, horixe da Carlos Urquijoren, Espainiako ordezkariaren errekurtso eskaeraren abiapuntua: Arrasateko Udal Gobernuak egitarau ofizialean sartu izana berez txosna batzordeak antolatutako kalejira (egitaruan azaltzen denaren arabera). Urquijoren ustez, "erakunde publikoen objektibotasuna hautsi eta delituak izan" daitezke asteleheneko kalejiran. 

Gaur jakinarazitako debekuarekin batera, Donostiako auzitegiak gogora ekartzen du Euskadiko Auzitegi Gorenak sententzia askotan adierazi duela erakunde publikoek ezin dituztela halako deialdiak babestu, erakundeen "neutraltasuna" apurtu egiten dutelako. Hala diote hainbat komunikabidek.

Eta baita ere, orain, hiru egun eman dizkiola epaitegiak Arrasateko Udalari erabaki horren kontrako helegitea jartzeko. 

Arrasateko Udalak orain arte esandakoa

Arrasateko Udal Gobernuari kontu horren gainean galdetuta, adierazi du "laster" emango duela erabaki horren gaineko iritzia.

Hain justu ere, atzora artekoak kontuan hartuta, prentsa ohar bat bidali du zera adierazten, labur: "Argitu nahi dugu asteleheneko kalejira presoen eskubideen aldeko ekimen bat dela, nahiz eta egitarauan Presoen aldeko kalejira moduan agertu. Onartzen dugu ekimen hau, agian, jaietako programan oso modu orokorrean dagoela definituta eta hortik sortu dela, gure ustez, gaizki ulertua". 

"Giroa gaiztotu" nahi ez

Horrekin batera, gogora ekarri du "Arrasateko Udalak, bailarako gainontzeko beste udalekin batera, euskal presoen eskubideen aldeko zenbait konpromiso hartu zituela publikoki"; eta hain justu, konpromiso horren barruan  kokatu dute hilaren 24ko kalejira jaietako egitarauan sartzea, Herrira mugimenduak hala proposatuta.

Bukatzeko, Arrasateko Udal Gobernuak egoera argitu nahia erakutsi du "ez baikenuke nahi halako gaizkiulertu bategatik herriko jaietako giroa gaiztotzea". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak