Astronomia eta arkitektura, eskutik

Leire Kortabarria 2013ko eka. 22a, 02:00

Egunotan, Arrasateko parrokia inguruan ikuskizuna egon daiteke, doakoa eta polita. Behar den gauza bakarra eguraldiak laguntzea da, eguzkia egitea ezinbestekoa delako ikuskizun horretaz gozatzeko.

Hain zuzen, ekainaren 24an, San Juan eguna, astronomia eta arkitektura askotan eskutik joan direla ikusteko aukera izan daiteke, eguraldiaren arabera. Arrasate Zientzia Elkarteko Antton del Campo astronomoak honela azaltzen du, artikulu baten: "Egun hauetan eta arratsaldeko zortzietan, hau da, eguzki orduko arratsaldeko seietan, kanpandorrearen arku baten itzala modu berezi batean proiektatzen da ate nagusiaren gainean. Eguzkiaren izpiak arkuaren erditik pasa eta San Joan Bataiatzailea erdi-erdian argiztatzen dute". Del Campok azaltzen duenez, "ekainaren 23an, ordu horretan, eguzki orduko arratsaldeko seietan, San Juan bezperak hasten dira".

Udako solstizioa gaur, ekainaren 21ean da. Esandako fenomenoa San Juan egunean eta aurreko pare bat egun eta San Juan eguna eta geroko pare bat egunetan ikus daiteke.

Eliza erromanikoen orientazioa 

Arrasateko kasua ez da bakarra; eguzkiarekiko orientazio berezia lortzeko gurata horrela eraikita dauden eraikin eta monumentu asko daude munduan. Antton del Campok idazten duen moduan, "eliza erromaniko guztietan, absidea ekialdera begira dago, honela, egunsentiko lehen minutuetan, eguzkiaren lehen izpiek absidearen erdia argiztatzen dute, eta horma horretan leiho bat zabalduko balitz, argia elizaren mendebaldeko hormaraino iritsiko litzateke".

Adibide ezagun gehiago badaude. Hala, Egipton, haitzean zulatutako Abu-Simbel tenpluan, ordu zehatz baten eta faraoiaren urtebetetzean, eguzki-izpiak ate batetik sartu eta Amon-Ra jainkoaren irudia argiztatzen dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak