Horrez gain, Debagoieneko kooperatiba eta enpresa ezagunenek, ia guztiek, Emun-en aholkularitza jaso dute hizkuntza normalizatzeko prozesuan. Gaur egun, arduradunen esanetan, arloko beste enpresa guztiek batera adina produktu kudeatzen ditu Emun-ek hizkuntza zerbitzuen alorrean.
Baina euskara normalizatzeak jendarte osoan dauka eragina. Horregatik, Emun-ek beste aurrerapauso bat eman du eta horren berri eman zuen atzo, eguena, Bilboko Euskalduna jauregian egindako ekitaldi baten. Bide batez, Debagoieneko enpresa horrek bezerogai berriei bere burua aurkezteko balio izan du ekitaldi horrek.
Hain zuzen, bere misioa berriz formulatu du, Euskara eta Berrikuntza Soziala izenburuarekin. Eta orain dela gutxi ematen hasia zen beste zerbitzu mota batzuk gero eta gehiago emango ditu aurrerantzean Emun-ek, hain zuzen, hiru adar berritan: Parte-hartzea, Kultura zerbitzuak eta Aniztasuna eta immigrazioa.
Horrekin, Arrasate eta Debagoiena Euskal Herriko gizarte-berrikuntzaren maparen erdigunean koka daiteke berriz, euskaraz egindako berrikuntzari esker.
Ekitaldian, Emun-en bezero garrantzitsuenetariko bi izan ziren aitaponteko: Fagor eta Irizar. Kike Amonarrizek eta Plataforma per la Llengua-k ere hitzaldi bana egin zuten.
Hondakinak, aurrekontuak…
Debagoieneko herri gehienetan egin izan dira herritarren parte-hartze prozesuak, eta horiek dinamizatzea eta kudeatzea eskainiko du Arrasateko kooperatiba horrek. Modu naturalean egingo du lan hori, izan ere, Dani Larreak dioen moduan, Emun-ek egiten duen "lan guztia" parte-hartzetik abiatzen da. "Orain, batez ere Foru Aldundiaren aldetik deialdi batzuk egon dira askotariko alorretan parte-hartze zerbitzuak kontratatzeko, eta gu ere horretara moldatu gara". Esperientzia bat badute: Eskoriatzan eman dute zerbitzu hori, eta beste herri batzuetan ere bai. Dani Larrearen iritziz, parte-hartze prozesuak gero eta gehiago erabiliko dira: "Herri batzuetan, hondakinen inguruko halako prozesuak egin izan dituzte. Eta gero eta gehiago egingo dira udal aurrekontuak modu parte-hartzailean".
Kultura zerbitzuetan, batik bat udalek edo beste erakunde publiko batzuek ematen dituzten kultura programazioak eta ekintzak antolatuko ditu, eta kulturguneak –aretoak, antzokiak eta bestelako baliabideak– ere kudeatzeko gertu egongo da. Dani Larrearen esanetan, kudeaketa horiek "askotan inertziaz egiten dira", eta Emun-ek "egiten dena aztertu eta epe luzerako ikuspegitik" lantzeko aukera eskaini nahi du.
Eta lehen hizkuntza euskara ez duten herritarrak euskararen bidez eta euskarara integratzeko aholkularitza ere eskainiko ditu. "Hemengo kultura zein den garbi daukagu, baina kultura gehiago ere badaude eta elkarrekin bizi behar dute", esaten du Emun-eko zuzendari nagusiak.
Dinamika horiek euskaraz kudeatu nahi dituztenek Emun erreferentzia gisa izan dezaten nahi du Arrasateko kooperatibak. "Ahal den neurrian, hori dena euskaraz egiten dugu. Maialen Lujanbiok esan zuen moduan, euskaratik eta euskaraz eraiki behar da herria. Egia da zenbait lekutan ezin dela egin, baina euskara integrazio-tresna izan dadin nahi dugu, eta ez alderantziz, marra gorriak ipintzeko erabil dadin".
Beharrak asetzeko gai
Lan-mota horiek indartzeko erabakia iaz egin zuten hausnarketa-prozesu baten ondorioz dator, Dani Larreak, Emun-eko zuzendari nagusiak dioen bezala: "Lana euskalduntzeko kooperatiba izan gara betidanik, eta oso garbi ikusi genuen hurrengo urteetarako dauzkagun asmoak aterki horretan ez zirela sartzen". Emun-en bezeroek, orain, beste zerbitzu batzuk ere eskatzen zizkieten, eta bere burua bezeroengana gehiago orientatzea erabaki zuen Emun-ek. Hori dena berrikuntza sozialaren kontzeptuak laburbiltzen du: "Guretzako, euskara lantzea ere bada berrikuntza. Orain, adierazi nahi izan dugu gure ardatzak euskara izaten jarraitzen duela, baina, horrekin lotuta, bestelako produktu eta zerbitzu batzuk eskaintzera goazela", esaten du Dani Larreak.
Emun-en misioa hauxe da: "Euskara eta Euskal Herria garatzea; orain, berdin jarraituko du, baina garapen horri aurpegi gehiago jarri dizkiogu. Ikusten dugu gizartean badaudela behar batzuk, eta guk dauzkagun baliabideekin, esperientziarekin, ezagutzarekin, lan-taldearekin… bagarela horiek asetzeko gai", dio Larreak.
Euskara planen garrantzia
Lana euskalduntzeko helburuari eutsiko dio oraindik ere Emun-ek: "Euskara planek oraindik ere pisu handia daukate, eta, seguruenik, datozen urteotan ere nagusi izaten jarraituko du negozio horrek".
Emun jaio zen garaia enpresek euskararekiko sentsibilitate handiagoa erakusten hasi ziren garaia izan zen, eta, giro horren erakusle izateaz gain, giroa indartzeko eta bide horretatik jarraitzeko erabakigarria izan zen Emun sortzea. Hala, euskara plana izan zuen lehenengo enpresa Antzuolako Elay izan zen, 1991. urtean, Eusko Jaurlaritzaren eta Elhuyar aholkularitzaren eskutik. 1996. urtean, Arrasaten Euskalan sortu zen, lana eta enpresa bateratzeko elkartea. 1997an, Emun jaio zen. 1999. urtea mugarri bat izan zen: urte horretarako, Fagor Ederlan ere horretan hasia zegoen. Beste enpresa batzuk euren kabuz pauso batzuk ematen hasiak ziren, baina Emun eta antzeko beste enpresa batzuk sortzeak baliabideak, laguntza, aholkularitza eta metodologiak eman zizkien enpresei.
Emun-en ibilbidea ikusita, euskaraz bizi izan eta lan egiteko nahia nola joan den indartzen ikus dezakegu. Larreak gogoratzen duen moduan, orain dela ez hainbeste Arrasaten, Leintz bailaran hasi zen Emun euskara planak ezartzen. "Gero, Debagoienera pasa ginen eta, poliki-poliki, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban zabaltzen joan gara". Lurralde aldetik, "potentzialtasun handia du Bizkaiak". Bere esanetan, "badaude enpresa batzuk, baina dezente gehiago egon beharko lirateke". Iparraldean ere "apenas ezer" ez dago eginda.
Emun-endako "oso erreferentzialak" dira Nafarroan dituen bi euskara planak; Nafarroan ez dago besterik. "Oso gune erdaldunetan daude, eta erakusten dute gune horietan ere euskaraz bizi izateko nahia daukala zenbait jendek".
-----------------
Euskararen bihotza
Emun-ek irudi korporatibo orokor berria dauka, kolore berriarekin, eta lan-adar bakoitzari ere egokitu diote irudi hori, adar bakoitzari kolore bat emanez. Dani Larreak azaltzen duenez, n-aren gaineko ikurra "bihotza da; e-aren hustutzea, buelta emanda. E da euskararen bihotza, gizarteari eman nahi dioguna. Buelta emanda ipini dugu, gizartean mugitzen dena ere guk atzeman ahal izateko. Guk emititu egiten dugu, baina hartu ere bai".
-----------------
'.eus', erakusleiho ona, baina…
"Erakusleiho ona" du aurrerantzean euskal kulturak .eus domeinuarekin, Dani Larrearen esanetan; baina teknologietan oraindik hutsunea dago: "Uste baino polikiago doa alderdi hori. Batez ere industria enpresetan, Internetera sartzea ere oso mugatua daukate. Batzuek ezin dute e-maila jaso ere egin". Eta hori, Debagoiena ondo dagoela kontuan hartuta ere: hain zuzen, Eustat-ek joan den azaroan kaleratu zituen datuen arabera, webgunea euskaraz duten 10 langile edo gehiagoko enpresa kopuruan, Debagoiena da lider garbia: webgunea duten lau establezimendu edo enpresatik hiruk euskaraz ere badaukate. Enpresetan ez ezik, gizarte osoan ekin behar dela uste du Larreak: "Batez ere, gazteekin pentsatu behar dugu; ikusi besterik ez dago zenbat ordu ematen dituzten poltsikoko telefonoarekin eta abar". Bere esanetan, euskarazko teknologietan badago ekonomia sektore berri bat, baina "hasiberria, oraindik".
-----------------
Euskararen puntuen bila
Administrazioaren lehiaketa publikoetara aurkezten diren enpresendako, euskara planak ezartzeko motibazio berria da euskararengatik lehiaketetan ematen diren puntuak. Hori da, adibidez, autobus-enpresa batzuen kasua, Dani Larreak dioskunez. Alde horretatik, txalotu egiten du batez ere Gipuzkoako Foru Aldundiak hartu duen hizkuntza-politika.
-----------------
Huhezitik Fagorrera
Emun kooperatiba sortu zen garaikoak dira ondoko argazkiok. Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatean sortu zen Emun. Lau lagunek eman zituzten hasierako pausoak; eta lehenengo lantaldea 21 langilek osatu zuten. Fagor Taldeko kooperatibak izan ziren Emun-en lehenengoetariko bezeroak. Euskara planak egiteaz gain, aholkularitza ekonomikoa eta juridikoa ere ematen zuen.