Arrasateko Udalaren errekonozimendua Ford Mugarriren lanari

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko eka. 20a, 21:53

"Protagonistak eurak dira. Ekitaldi xume honekin elkarlanerako erakutsi duten gaitasuna eta lorpena errekonozitu gura dugu. Horrez gain, Arrasateren izena Euskal Herritik kanpo zabalduko dute eta horrek badu bere garrantzia". Hitz horiek izan ditu Inazio Azkarragaurizar alkateak, Udalak Ford Mugarriri egin dion harrera ekitaldiaren ostean. Talde arrasatearra Lehen Nazional mailara igo izanagatik gonbidatu dituzte udaletxeko osoko bilkuren aretora. Ines Azpiazu klubeko presidenteak errekonozimendua eskertu du baina, aldi berean, Udalari eta Aukeari eskatu dio herriko klubei "merezi duten garrantzia" ematea. Joxerra Askasibar kirol zinegotziak onartu du "lan asko" dagoela egiteko.

Ekitaldi motza izan da. Inazio Azkarragaurizar alkateak taldea zoriondu du eta eskerrak eman dizkie jokalariei Arrasateren izena Euskal Herritik kanpo zabalduko dutelako. Amaitu ostean, banan-banan joan da jokalariengana eskua ematera.

"Klubaren garrantzia"

Ines Azpiazu Arrasate Eskubaloi taldeko presidenteak hartu du hitza gero. Klubaren garrantzia azpimarratu du: "Jende gaztearekin egiten dugu lan, balio batzuk transmititzen saiatzen gara. Ederra da jokalari eta pertsona moduan heltzen ikustea". Hala, Udaleko eta Aukeako ordezkariak aurrean zituela, eskatu die herriko klubei "merezi duten garrantzia" emateko. Joxerra Askasibar kirol zinegotziak onartu dio "lan asko" dagoela egiteko.

Ekonomikoki ere, erronka handia

Kirol arloan bai, baina ekonomikoki ere erronka handia izango da datorren urtekoa. Datu bat, aldea ulertzeko: orain arte epaileko 150 euro ordaintzen bazen, datorren urtean 500 bat euro ordaindu beharko da epaileko. "Zalantzak izan genituen erronka honi aurre egin edo ez erabakitzeko, baina talde honek eta klubak merezi dute. Zuzendaritzakook lanean ari gara dirua lortzeko".

Babesle berriengana joko dute, baina ez edozein babesle: "Klub moduan balio batzuk ditugu eta gure balio berak dituzten bazkide eta laguntzaileak gura ditugu. Ez dugu babesle handirik nahi; babesle txikiekin konformatzen gara, gurea ibilbide luzeko proiektua izan dadin".

Kepa Isasmendi: "Ilusioz egingo diogu aurre denboraldi berriari"

Horren ostean, lunch txiki batez gozatzeko aukera izan dute guztiek. Orduan harrapatu dugu Kepa Isasmendi jokalaria mikrofonoaren aurrean jartzeko: "Eskertzen da urte osoko edo urtetako lana halako omenalditxo batekin errekonozitzea". Denboraldi berrira begirako sentsazioez ere galdetu diogu: "Ilusioz egingo diogu aurre denboraldi berriari. Abuztuan hasiko gara entrenamenduekin eta orain arteko konpromisoari intentsitatea gehitu beharko diogu".

Zaletuei ere egin die erreferentzia jokalari eskoriatzarrak: "Eskertuko genuke Iturripera 50 pertsona beharrean 100 etortzea, zarata apur bat ateratzera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak