1959ko iraultzaren barruan barne iraultza bat ere egon zela baieztatuz hasi zen emakumeen egoeraren eboluzioaz mintzatzen. Izan ere, Moyaren aburuz, ordutik emakumeek aukera berdintasun gehiago izan dute, Kubako sozialismoaren eraikuntzan berdintasunaz parte hartzeko exijitu eta borrokatu baitzuten emakumeek. Moyaren esanetan, Kubako biztanleriaren ia erdia emakumezkoa da eta poliki poliki "parlamentuan ere ordezkariak izatea lortu dugu, baina oraindik ere erronka bat dugu, erabakiak hartzen diren postuetan emakumeak izatea". Hortaz, berdintasunaren bidean aurrera pausuak ematen ari direla aitortu du Isabel Moyak, baina oraindik ere egiteko asko dagoela aitortu du. Ekonomiaren arloan ere, aurrera pausua eman dela ere adierazi du, emakume langileak geroz eta gehiago dira, "eskubide asko lortu ditugu eta horiek mantentzea nahi ditugu". Halaber, erizaintzan eta medikuntzan, emakumeen presentzia ere altua dela adierazi du, "medikuen ia %55a emakumeak dira", honekin, hezkuntza sistemak izan duen arrakasta nabarmendu nahi izan du "hezkuntza sistema unibertsala eta doakoa izateak, emakume gehiago ikastera bultzatu baititu".
'Reinvetar el periodismo' liburuaren aurkezpena
Nahiz eta oraindik eskura ez izan, liburu bat idatzi du Isabel Moyak hala eskatuta Cuba-Euskadi taldeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Reinventar el periodismo izenburupean, gaur egun ere oraindik, kazetaritzaren munduan ematen diren irudi matxistak gaitzesteko balio izan dio eta baita praktika onak zeintzuk izan behar diren ere adierazteko. Esan bezala, liburua idatzita dago, baina oraindik inprimatzen ari dira, hala ere, liburua nahi duenek Euskadi-Cuba taldera deitzerik besterik ez dute eta ale bat helarazteko ez dela inongo arazorik izango adierazi dute antolatzaileek.