Sanjuanetako egitarauak, herri baten bilakaeraren isla

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko eka. 21a, 10:00

Jaiek eta ospakizunerako ohiturek asko esaten dute herri batez.   Eta herria aldatzen doan heinean, jaiak ere aldatzen doaz. Jaietako egitarauek, urteen poderioz, gizartearen aldaketak jasotzen dituzte. Hori berresteko aukera izan dugu asteon Espe Lizarralderi esker, izan ere, 1974tik 1983ra arteko egitarauak utzi dizkigu; guztietan, hamaika bitxikeria.

Egitarau zaharrenek, jaietarako ekintzez gain, urteko albiste garrantzitsuenak ere jasotzen zituzten. Tokiko informazioa ematen zuten kazetarik ez zegoen apenas, eta egitarauak informazioa emateko ere erabiltzen ziren.
Diktadura frankista azken txanpan zela, 1974an –eta aurreko urteetan– ura buruhauste iturri izan zen Arrasaten.

Egitarauko agurrean aipatzen zenez, ur gutxi eta kalitate txarrekoa zegoen garai hartan. Urkuluko urtegia 1976ko udarako martxan egotea aurreikusten zen. Lanak 1975ean hasi bai, baina 1979an bete zuten urtegia. Ikasgela berriak izateko behar "larria" ere bazegoen 1974an, besteak beste. 1977ko programan, Jose Antonio Altuna alkate zela, 1977-1978 ikasturterako BUP ikasketak emango zituen ikastetxea gertu egon zela iragartzen zen. Baita Musakolako kiroldegia jaietan inauguratuko zela ere; San Juan egunean egin zen inaugurazio ekitaldia, 13:00etan.

Geroago, erreportajeak ere

Gutxira erreportaje landuagoak ere egiten hasi ziren. Jose Mari Velez de Mendizabal historialariak Seber Altuberen jaiotzaren mendeurrena eta Jokin Zaitegiren heriotza izan zituen hizpide, besteak beste. 1982ko egitarauak, bestalde, urtean zehar egindako obra garrantzitsuenak jaso zituen, hainbat argazkirekin.

1983an, gaur 30 urte, orduko zezen festekiko zaletasuna islatzen duen bost orriko erreportaje bat egin zuen Jose Letonak. Ekitaldiei dagokienez, San Juan bezperan egiten zen sua, egun moduan; hori bai, Errementari Dantza beharrean San Juan zortzikoa dantzatzen zen. Ostean, orain arte moduan, Nagusien Danborrada.

Era berean, orduan hasi ziren koadrilak Zaldibarko frontoian elkartu eta kalejiran Herriko plazara joateko. Hilaren 23tik 26ra arte txapelketa egiten zen, parranda-zaleenak saritzeko.

Egitarau batzuei errepasoa

1974 Hasierako agurrean aipatzen zen ur gutxi eta txarra zegoela. 1976rako Urkuluko urtegia amaituta egongo zela aurreikusten zuten. 1979an bete zuten urez.

1977 Kiroldegia inauguratu zen San Juan egunean. Horrez gain, 1977-1978 ikasturterako BUP ikasketak egiteko zentro berria gertu egongo zela zioen alkateak.

1980 1979ko abuztuaren 17an hil zen Jokin Zaitegiren gainean idatzi zuen Velez de Mendizabalek: "Herri honek sekula sortu duen semerik jator eta handienetakoa".

1983 Zezen festen zaletasunaren adierazle, Jose Letonak bost orriko erreportajea sinatu zuen. 1886tik 1910era martxan egon zen zezen plazaren argazkia ikus zitekeen.

2013 Asko aldatu dira egitarauak, itxurari zein ekintzei dagokienez. Aurten bigarren urtez, eskukoa ere atera du Udalak; orain, lehiaketa antolatzen da irudia aukeratzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak