Erraldoi eta kiliki berriak prest daude San Juanetarako

Bagenekien azken hilabeteetan horretan zebiltzala, eta azkenean gaur aurkeztu dituzte Arrasateko erraldoi eta kiliki berriak, lehengoen berdinak baina askoz ere arinagoak. Erraldoi bakoitzari 15 kilo kendu dizkiete eta kilikiei ere pisua kendu diete, arinago ibil daitezen.

Erraldoien konpartsakoen proposamena izan zen erraldoien pisua arintzea, izan ere, bakoitzak 60 kilo zituen eta horrek bizkarreko mina eta dantza egiteko zailtasunak eragiten zituen. Ondorioz, jendea ez zen animatzen konpartsan parte-hartzera.

Udalak begi onez ikusi zuen proposamena eta Urretxuko Pilpil enpresari eskatu zion lan hori egiteko. 12.000 euro kostatu dira lanak, eta aurrerago zaldikoiei ere pisua kentzeko asmoa du Udalak.

Erraldoi eta Kilikien Konpartsako kideek adierazi dutenez, "pisua kentzeak aukera gehiago ematen ditu dantzak egiteko eta eramaileak ere gehiago izan daitezke".

San Juanetarako egitaraua

Aurtengoan hiru agerraldi egingo ditu erraldoien konpartsak San Juan Jaietan. Lehenengoa ekainaren 23an izango da Errementari dantzan. Bigarrena San Juan egunean izango da, 11:00etatik aurrera, Herriko Plazatik irten eta alde zaharreko kaleetan ibiliko dira. Hirugarrena San Juan bigarren egunean izango da, ekainaren 26an, eta Herriko Plazatik irtengo dira goizean.

Jendea falta dute

Konpartsak partaide berriak lortzeko Konpartsak behar zaitu kanpaina jarri zuen martxan. Horren barruan zenbait jarduera egin ditu: pegatinak atera, konpartsaren ibilbidea azaltzen duen bideoa egin, ate irekien eguna eta rock kontzertua antolatu...

Ekintza horiek jendea erakartzen lagundu duela baina oraindik partaide gehiago, batez ere gazteak, behar dituztela adierazi dute konpartsako kideek. Momentu honetan ongi funtzionatzeko beste hamar pertsona beharko lituzkete.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.