Txalaparta Festa Arrasaten, ekainaren 29an

Ubane Madera 2013ko eka. 17a, 11:19

Arrasateko Ttakun txalaparta taldeak Txalaparta Festa antolatu du lehen aldiz. Egun osoko jaia iragarri dute ekainaren 29rako, "herriko txoko ezberdinetara txalaparta doinuak zabaltzeko helburuarekin". Besteak beste, txalaparta saio libreak, herri bazkaria eta Bergara, Aramaio, Aretxabaleta eta Urretxuko txalapartarien bisita eta saioak iragarri dituzte.  

 

10:00etan hasiko da Txalaparta Festa, ezin bestela izan, eta txalaparta doinuekin: "Goikobaluko gaztelu zaharretik, txalaparta diana batek lau haizetara zabalduko ditu txalaparta doinuak". 11:00etan hasita, berriz, txalaparta jotzeko aukera emango dute Herriko Plazan; lau txalaparta jarriko dituzte horretarako, bi txikiak, umeendakoak. Eta pintxoak eta edariak banatuko dituzte tarte horretan. 13:00etan, berriz, irrintzilariek ere egingo dute saioa bertan, Herriko Plazan. Udalpe elkartean egingo duten herri bazkariarekin borobilduko dute goiza.

Arratsaldean, elkartrukea ingurukoekin

Arratsaldean, berriz, "beste herri batzuetako txalapartariez gozatzeko aukera izango dugu tabernaz tabernako txalaparta saioetan, eta albokariak eta bertsolariak ere hartuko dute parte. Arrasateko txalapartariez gain, Bergara, Aramaixo, Aretxabaleta eta Urretxuko txalapartariak izango ditugu, eta Urretxukoek saio berezia eskainiko dute", iragarri dute antolatzaileek.

20 urte txalaparta doinuak zabaltzen

Ttakun txalaparta taldeak 20 urte daramatza txalaparta kontuak lantzen Arrasaten. 1988. urtean hasi ziren herriko lehen txalapartariak elkartzen, 1993.urtean TTakun txalaparta taldea sortu zuten eta ordutik "jende ugari ibili da txalaparta jotzen, ikasitakoak irakatsiz eta lekukoa gazteagoei utziz", diote Ttakun elkartetik.

Adibide moduan, diote "urtebeteko hutsunearen ostean txalaparta taldeak Arrasateko Udalarekin elkarlanean txalaparta ikastaroa" antolatu zuela hilabetez apirila eta maiatza artean. "15 pertsona baino gehiagok hartu zuten parte, adin eta jatorri ezberdinetakoak, eta txalaparta taldeak balorazio oso positiboa" egin du.

'Ttakunkide'

Bestalde, Ttakun txalaparta taldeak Ttakunkide ekimena abiarazi du "Arrasateko txalapartarien sarea sortu eta osatzeko" helburuarekin. "Taldea handitu eta egonkortzea" da helburua. Gaur egun hamar lagunek osatzen du Ttakun taldea "eta handitzea da helburua".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak