Aikidoa izango da aurtengo Arte Martzialen Eguneko ardatza

Iure Eizagirre 2013ko eka. 14a, 18:14

Bihar, 09:00etatik 13:00etara, egingo dute Arte Martzialen Eguna Uarkape pilotalekuan. Aurreko bi edizioetan hiru modalitate probatzeko aukera eskaini zuten: kenpoa, judoa eta aikidoa. Aurten, azken horretan bakarrik zentratuko dira, Jose Manuel Matas antolatzaileak azaldu duenez.

Matas aikidoko irakaslea da Arrasaten eta hogei urte baino gehiago daramatza kirol honetan. Herritarrak borroka-arte honetara hurbilaraztea du helburu biharko ekitaldiarekin. "Aikidoa defentsarako borroka-artea da eta lehiaketa norbere buruarekin da, norberaren garapena da helburua", azaldu du. Taoismoa eta budismoa landuz, kontrol mentalerako sistema batzuk eskaini eta osasunarendako onak diren ariketa ezberdinak egiteko aukera ere ematen duela adierazi du entrenatzaileak. Gainera, arma zuriak erabiltzen dira aikidoko zenbait modalitatetan.

Urtean zehar aikidoarekin lotutako beste ekitaldi bat antolatzen dute, baina hura erakustaldia da eta herritarrek ez dute parte hartzeko aukerarik. "Arte Martzialen Egunean, aldiz, herritarrak parte hartzera gonbidatzen ditugu: gurasoak eta seme-alabak, helduak eta gazteak", dio Matasek.

Gainera, ez da beharrezkoa aurrez kirol hau ezagutzea: "Lau gauza erakutsita, gauza ikusgarriak ikas daitezke. Eta aikidoan ez da ia indarrik behar, gorputzarekin egiten da lan".

EAEko onenak

Matasek EAEn aikidoa erakusten duten maila altueneko irakasleei  deitu die eta ez diote inolako trabarik jarri, beraz, Arte Martzialen Egunean izango dira. Donostiatik Benigno Jimenez del Val, J. Ignacio Fernandez, Alejandro Fierro eta Miguel Baena etorriko dira; Gasteiztik Pedro Fraile; Bilbotik Iñaki Sanchez eta Arrasatetik Matas bera. Guztiek -Matasek izan ezik- 5 eta 6 Daneko maila dute.
Euren ikasleekin etorriko dira eta Uarkapera bertaratzen direnek eurekin praktikatu ahal izango dute, doan. Kanpotik etorriko den jendea kontuan hartuta, ekitaldiak harrera ona izatea eta aurreko urteetan baino jende gehiago egotea espero du Matasek. Orain artekoetan 60-70 pertsona batu izan ditu Arte Martzialen Egunak.

Aikidoa Arrasaten

Debagoieneko ordezkari bakarra izango da Matas biharko borroka-arteen egunean. "Badago beste gaztetxo bat oraintxe hasi dena baina oro har, erakusten ari den bakarra ni naiz". Horrek ez du esan nahi, ordea, aikidoak jarraitzailerik ez duenik.

Hogei urte daramatza Matasek Musakolako kiroldegian ikastaroak ematen eta orain arte isilean ibili direla aitortzen du. Iaz hasi ziren aikidoa zabaltzeko ahaleginetan, publizitatea eginez eta ahoz-aho informazioa emanez. Erantzuna ona izan da eta asko nabaritu dute: "Bikoiztu egin da ikasle kopurua 2012tik 2013ra. Denboraldi honetan 50 ikasle inguru izan ditu eta uztaileko hirugarren astean amaituko dute ikasturtea. Irailean hasiko da denboraldi berria eta ikasle kopurua haztea espero du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak