Pintura ikasleen obrak egongo dira gaur arratsaldean Seber Altuben

Pintura ikastaroko ikasleek artea kalera eramango dute gaur arratsaldean, izan ere, urtean zehar egindako lanen erakusketa egingo dute 18:00etatik 21:00etara Seber Altube plazan.

Estilo ezberdinetan landutako 50 margolan inguru egongo dira ikusgai plazan. Lan gehienak olio-pinturak izango dira baina tartean akuarelaren bat ere egongo da. Ikusi ahal izango diren marrazkien artean, bodegoiak, paisaiak eta erretraturen bat. Gainera, 32 ikaslek sorpresa bat prestatu dute erakusketarako: ia lau metro koadroko margolana egin dute. Lan horretan, pintura ez ezik, interpretazioa ere landu dute, beste koadro baten bertsioa egin baitute.

Duela hiru urte arte, Arrese aretoan egiten zuten pintura ikastaroko ikasturte amaierako erakusketa baina txiki geratu zitzaien. Urteren batean Kulturateko klaustroan ere egin zuten, baina orain dela hiru urte kalean egitea proposatu zuen irakasleak. Zoro-zoro botatako ideia onartu, eta erakusketa Seber Altuben egiten hasi ziren. "Erakustokira joan egin behar da eta kalean pinturak topatu egiten dituzu", dio Amaia Bengoa pintura irakasleak.

180 ikasle inguru

Orain erakusketan jarriko diren koadroak egiten ikasteko saioak joan den urteko irailean hasi zituzten eta oraintxe amaituko dira. Aurten 170-180 ikasle ibili dira pintura estilo ezberdinak lantzen. Gehienak arrasatearrak dira, baina inguruko herrietako ikasleak ere izan dira, Bergarakoak, esaterako. Astegunetan ez ezik, zapatuetan ere eman dituzte klaseak Kulturaten

Datorren ikasturtean pintura ikasteko gogoz daudenek itxaron egin beharko dute, izan ere, irailean irekiko dute izena emateko epea

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.