"Izaki sexualak gara" dio Maitasun Sexologiako zentroko kide den Estitxu Iriondok. Bere ustez sexualitatea eta gizakia banatu ezin diren bi gai dira. Horregatik, Arrasateko Udaleko sexologia zerbitzuko Montse Velascok sexuaren historiaz hitz egin du.
"Kontrako irudia dugu arren, historiaurrean gizonezkoek ez zituzten emakumeak tiraka kobazulora sartzen. Sexualitatea garatuago zegoen", dio Velascok. Honela, gizakiaren aro bakoitzean sexuak izan duen garrantzi eta eragina azaltzen joan da. Bere azalpenak aberasteko gainera, argazki eta dokumentu ugari erakutsi ditu.
Historiaurretik aro garaikidera iritsi arte sexua oso gai baldintzatua dela dio "elizak, gizarteak, kulturak... guztiak eragin du". Zenbait unetan gainera, galderen bitartez gai zabal honen aspektu zehatz batzuen inguruan sakontzeko aukera ere egon da.
Sexu aniztasuna, maitasuna eta desioa
Historia baina ez da mintzagai bakarra izan. Maitasun Sexologia zentrotik sexua eta sexualitatea ulertzeko moduen inguruan jardun du Estitxu Iriondok. Norbanakoen sexualitatea, desioa, fantasia... nola ulertu, nola azaldu... Bigarren zati honetan norbanakoa eta bere sexualitatea izan dira saioaren ildo nagusiak.
Bigarren zati honetan gainera, jendeak parte hartzeko aukera izan du. Bertaratu direnen artean banatu dituen zenbait testuren bitartez, sexualitateaz modu zuzen batean jarduteko aukera izan dute. Antolatzaile, hizlari eta entzuleak "gustura" amaitu dute saio aberasgarria.