Ekainaren 25ean irekiko dituzte Arrasateko kanpoko igerilekuak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko eka. 12a, 19:17

Arrasateko kiroldegiko kanpoko igerilekuak hilaren 25ean irekiko dituzte, aurreko urteetan baino astebete beranduago, eta irailaren 8ra arte egongo dira zabalik. Igerilekuak oraindik hutsik daude eta Aukea kirol erakundearen asmoa da egubakoitz honetan bertan betetzen hastea. Ura, urtero moduan, Meatzerreka auzoko iturburutik ekarriko dute.

Udako kanpainako xehetasunak emateko agerraldia egin dute gaur Amaia Zabaleta kirol teknikariak eta Nuria Rodriguez Egoitek enpresako koordinatzaileak, kanpoko igerilekuen gunean bertan. Kanpoko igerilekuak hilaren 25ean irekiko dituzte, aurreko urteetan baino astebete beranduago.

Ura hotza eta jende gutxi

Kanpoko igerilekuen irekiera astebete atzeratzearen arrazoia honela azaldu du Amaia Zabaleta kirol teknikariak: "Aurreko urteetan ikusi dugu Sanjuanen aurreko astean jende gutxi etortzen zela eta horrez gain, erabiltzaileek esaten ziguten ura oraindik hotzegia egoten zela. Hori kontutan hartuta eta bilera batzuk egin ostean, aurten erabaki dugu astebete beranduago zabaltzea". 

Ezin kanpokoak eta barrukoak aldi berean irekita izan

Erabiltzaile askok kanpoko zein barruko igerilekuak aldi berean irekita izateko eskatu izan dute baina, Aukearen arabera, "inbertsio handia" suposatzen du: "Makinarian inbertsio handia suposatu arren, pertsonal arloko gastuak bikoiztu egingo ziren". Kanpoko igerilekuen ordutegia urterokoa izango da: 10:00etatik 20:30era.

Irailaren 8ra arte egongo dira zabalik printzipioz. Itxiera eguna, baina, eguraldiaren araberakoa izango da. Hau da, eguraldi ona egiten badu beste astebetez egongo dira zabalik.

Udako bonuen prezioak honakoak izango dira: haurrendako 39,25 euro, helduendako 65,90 euro eta bonu familiarra 105,20 euro. Egun baterako sarrera, berriz, haurrek 3,35 euro ordaindu beharko dute eta helduek  5,90 euro.

Era berean, uztailerako ekintzen berri eman du Nuria Rodriguez Egoitek kirol enpresako koordinatzaileak. Eskaintza zabala da oso, haur, gazte zein helduendako. Spinning-a da helduen artean arrakasta handiena duena; udan, lekuz aldatzen da.

Ura, Meatzerrekatik

Igerilekuetara bueltatuz hainbat xehetasun eman dituzte gaurko agerraldian. Ura Meatzerraka auzoko iturburutik ekarriko dute eta asmoa da etzi betetzen hastea, kanpoko hiru igerilekuetako aforoa 860 pertsonakoa da –handian 560 lagun, ertainean 200 eta txikian 112– eta metro kubikoei erreparatuz gero handiak 2.000 metro kubiko dauzka, ertainak 250 eta txikiak 30.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak