Arrasate, Ikurrina eta Mondra, umeen danborradako karrozan

Ubane Madera 2013ko eka. 12a, 10:41

Guztia gertu dago Sanjuanen atarikoa den umeen danborrada zapatuan kalez kale atera dadin. Atzo arratsaldean eman zizkioten azken ukituak danborradako aurtengo karrozari. Arrasateko hiru ikur esanguratsuz (Udalatx, Portaloia eta Udaletxea, ikurrinaren koloreak eta Arrasatekoak nonahi dituela, eta zela ez, Mondra taldearen mendeurrena gogora ekartzeko haren ezkutua ere badarama karrozak. Danborrada bera 19:00etan aterako da, Nafarroa etorbidetik.  

Egurrez egindakoa, 25-30 neska-mutikorendako besteko lekua duena, eta ohi duen moduan, Arrasateko adierazgarriren bat nabarmenduko duen karroza prestatu dute SUDC elkarteko Andoni Altzelaik eta Mikel Sanzberro laguntzaileak. Hilabete inguru eman dute lanean. Eta atzo arratsaldean harro eta pozik erakutsi ziguten egindako lana, zapatura arte Nafarroa etorbideko lokalean ondo gordeta izango dutena.

11:00etan azken entsegua

Izan ere, eta orain arte eguraldiak pista larregi eman ez arren, gain-gainean ditugu Sanjuanak. Atarikoak asteburuan izango ditugu, umeen danborrada tarteko. 19:00etan du irteera ordua. Goizean, baina, 11:00etan egingo dute azkeneko entsegua; eta elkartu, berriz, 18:00etan elkartuko dira, danborradako konpainiak ondo lerrokatu eta antolatzeko. 

Ia 200 neska-mutiko

Konpainiei dagokienez, zortzi aterako dira: danbor-jole berde eta urdinak; barril-joleak; eskoziarrak; praka bakerodunak; kantinerak; sukaldariak eta mikeleteak. 

Danel Ozaeta jenerala aurrean duela ekingo dio ibilbideari danborradak Nafarroa etorbidetik. Harekin batera banderadun moduan honako gaztetxo hauek joango dira: Elene Barcenilla SUDCeko banderarekin; Malen Balerdi Ikurrinarekin eta Naia Irazola Arrasateko banderarekin. Eta haiei jarraiki, aterako dira zortzi konpainiak, ia 200 neska-mutiko, guztira. "Iazko antzerako kopurua da", adierazi du Juan Luis Arkauzek, SUDC elkarteko presidenteak.

Txikitxoak, bakarrik karrozan

Aldaketarik ez, beraz, kopuru aldetik. Bai, ordea, konpainiei dagokienean, izan ere, urteotan atera izan den txikitxoenen konpainiarik ez da izango aurten, "inork ez duelako izenik eman". Edozelan ere, esandako moduan, txikitxo mordoxka batek izango du lekutxoa danborrada itxiko duen karroza gainean.

Ibilbidea

Eta aldaketarik izango ez duena danborradaren ibilbidea izango da: Nafarroa etorbidea-Hotel Mondragon-Biteri plaza-Maalako errebala-Portaloia-Herriko Plaza. Ohi duen moduan eta ezustekorik ezean, 20:00ak 20:30ak inguruan iritsiko da plazara han Tatiago, Iriyarena, Gora Arrasate eta danborrada osatzen duten tradiziozko gainontzeko kantuekin erakustaldi nagusia egiteko.  

Eguraldi ona, seguru

Jakina, hori guztia bete ahalko da eguraldiak laguntzen badu. Orain dela pare bat urte, adibidez, ibilbidea aldatu eta besteak beste, Jokin Zaitegi plazako arkupeetan hartu behar izan zuen aterpe umeen danborradak orduko euri-zaparradarengatik. 

Ez da baina, halakorik espero zapaturako: "Eguraldi ona egin behar du, seguru", adierazi du Arkauzek inolako zalantza barik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak