Arrasateko San Juan jaietako egitaraua berrikuntza dezentekin dator

Jagoba Domingo 2013ko eka. 12a, 09:15

San Juan jaiak berrikuntza dezentez datoz aurten. Atzo, martitzena, aurkeztu zuten egitaraua. Udalak parte hartze prozesua erabili du jaiak antolatzeko eta 15 bat eragile sozial eta norbanakorekin osatu du aurtengo egitaraua.

San Juan jaiak heltzear daude eta atzo goizean egitarau ofiziala aurkeztu zuten Kultur Ate aretoko klaustroan  Oskar Elizburuk, Erdu-AEK euskaltegiko zuzendaria, eta Kepa Urteagak, Arrasateko Udaleko Kultura zinegotzia.

Parte-hartzean oinarrituta

Aurten parte-hartze prozesua oso presente egon da jaiak eta egitaraua egiteko momentuan, eta eragile sozialen eta norbanako askoren inplikazioa eta lana azpimarratu eta eskertu nahi izan dituzte. Urteagak esan duenez, parte-hartze prozesuan Udalaren baliabideak mahai gainean jarri dira eta elkartutakoen artean erabaki da baliabide horiek zelan erabili. "Jaietan ikusiko da zer nolako emaitza emango duen prozesu honek baina itxura ona hartzen diogu", azaldu du.

Aurtengo San Juan jaien aurrekontua 2012koa baino xumeagoa da, 1.000 euro gutxiago izan dituzte, baina hala ere jaiek egun bat gehiago iraungo dute. Ekainaren 22an hasiko dira aurten Arrasateko jaiak eta  26ra bitartean ekintza eta ekitaldi ugari izango dira.

Musika eskaintza zabala

Hainbat berrikuntza daude aurtengo egitarauan, eta horietako  bat musika eskaintza zabala izango da, parte-hartze prozesuan demanda gehien izan zuen puntua hori izan da-eta. "Eskaintza zabaldu dugu, batez ere estiloen harira. Ez da izango aurreko urteetako berdina, aurten tradizionalenetik hasi eta hip hop-ean amaituko dugu, txosnetara Los Chikos del Maiz valentziarrak datoz, adibidez", adierazi dute.

Bost gune

Musikarekin lotuta, aurten beste agertoki bat egongo da Seber Altube plazan, hori horrela bost gune egongo dira, Monterron parkearekin, Herriko Plazarekin, Jose Letona plazarekin eta Txosnagunearekin batera.

Pasa den urtean hasi zituzten ekintza batzuk indartu egin nahi izan dituzte, izan zuten harrera ona kontutan izanda: "Besteak beste, Zuk ein zeuk jan ekimenak, Patximatxin skate festak, kantu afariak… aurten ere indar handia izatea espero dugu eta horretarako, ahaleginak biderkatuko ditugu. Baina apustu berriak ere badaude: Artisau taldeak 22an azoka bat egingo du; Musika kalera izango da, txosnetatik etorri den ekimena... Arrasatearrei musika kalean egiteko deialdia egiten diegu", esan du Urteagak.

Hala ere, betiko hitzorduak, San Juan jaiei kutsu eta magia berezia ematen dizkienak, ez dira faltako. Besteak beste Errementari dantza, Dragoi jana, txupinazoa, danborrada, entzierroak, gaitariak…

Janak eta edanak ere badute zeresanik jaietan eta ez da faltako horiek dastatzeko aukerarik. Hauek dira zitak: 21ean, kantu afaria, Jose Letona plazan; 22an, Dragoi jana, Herriko Plazan; 23an, Herri Bazkaria; 24ean, txokolatada gaupaseroentzat eta Goikobaluren parrilla jana; eta 25ean, Zuk ein zeuk jan.

Beraz zer egin egongo da San Juan jaiek iraungo duten egunetan zehar.

Egitaraua

 

EKAINAK 14, EGUBAKOITZA

  • KEPA LANDALUZEren “30+7 BLACKHEAD” obraren erakusketa Kulturateko sarreran, Ekainaren 14tik uztailaren 19ra arte.
  • 18:00  Kulturateko pintura ikastaroko ikasleek eginiko obren PINTURA ERAKUSKETA, Seber Altube plazan.
  • 20:00 MERY MAYren azken diskoaren aurkezpena: Herriko plazan, Kajoi tabernak antolatuta.

 

EKAINAK 15, ZAPATUA

  • 09:00 Hileroko III. larunbateko baserritarren azoka, Seber Altube plazan. 
  • 10:00 ARTE MARTZIALEN EGUNA: Uarkapen, Arrasate Aikido Taldeak antolatuta.
  • 16:00 PATXIMATXIN SKATE FESTA: Musakolako skate parkean, Arraska taldearen eskutik.
  • 19:00 HAURREN DANBORRADA, Arrasate Musikaleko Musika Bandarekin. SUDCek antolatuta. Ibilbidea: Nafarroa etorbidea, Biteri etorbidea, Garibai etorbidea, Maalako errebala, Erdiko Kale, Herriko plaza.

 

EKAINAK 16, DOMEKA. HAUR DANTZARIEN EGUNA

  • 10:00 Zaldibar pilotalekuan bilduko dira haur dantzarien taldeak. Ondoren, txistulariekin KALEJIRA
  • 11:15  DANTZA ERAKUSTALDIA, herriko kaleetan zehar.
  • 13:30 Talde guztiak plazan bilduko dira.
  • 16:30 17. MUS TXAPELKETA, Doke tabernan.
  • 17:15 Dantza talde guztien JARDUNA eta AGURRA: Lore Gazteak eta Txikitxu Arrostaitz dantza taldeek antolatuta, Herriko plazan. Gero, DANTZALDIA DJ AMAIArekin.

 

EKAINAK 20, EGUENA

  • 18:30 Trikitixa eskolaren kurtso bukaerako EMANALDIA, Amaia Antzokian.

 

EKAINAK 21, EGUBAKOITZA

  • 17:30 Gazte txokoetako URBAN FESTA: Nafarroa etorbidean, katiluaren (bowl) ondoan.
  • 18:30  Arrasate Musikalen ikasturte bukaerako EMANALDIA, Amaia Antzokian. 
  • 21:30 KANTU AFARIA, Jose Letona plazan, LURTARO taldearekin.

 

EKAINAK 22, ZAPATUA

  • ESKUARTEAN artisau taldeak antolatutako AZOKA: Goizean zehar, Sebero Altube plazan. 
  • 09:00 “9. Herensugea” PINTURA LEHIAKETA: Goiz osoan zehar, Alde Zaharrean, Arrasate Margo Taldeak antolatuta.
  • 14:30 PINTURA lehiaketaren SARI BANAKETA, Harresi aretoan.
  • 17:00 TXOSNA IREKIERA.
  • 18:30 Txosnagunetik abiatuta, KALEJIRA.
  • 20:00 ELAI abesbatzaren kontzertua, PARROKIAN.
  • 21:00  DRAGOI JANA, Herriko plazan. Plazan erretako dragoia hantxe bertan dastatzeko aukera. Ondoren, 23:00etan “BAT-BATEAN munduko musikekin bertsotan” ikuskizuna.
  • 23:00 KONTZERTUA txosnagunean: LOS CHIKOS DEL MAIZ + GLAUKOMA + DJ MAKALA

 

EKAINAREN 23AN, DOMEKA. SAN JUAN BEZPERA

  • 12:00 Txosnagunean AEDk jaurtiko du TXUPINA. Gero TRIKIPOTEOA txosnetatik hasita.
  • 14:30 Herri BAZKARIA, Uarkapen.
  • 16:00 Arrasateko TXISTULARIEKIN DIANA.
  • 16:30 ETXAFLEROAK eta GRANADA JAPONIARRAK, Biteri plazan.
  • 17:00 LILO eta LALOren “MADDIREN BELARRIAK” ikuskizuna, Seber Altube plazan. 
  • 17:30 TXOPOPOTEOa plazaraino.
  • 19:00 Herriko plazan MAKALA jasotzea.
  • 19:30 SALVE SOLEMNEA, San Juan Bataiatzailearen parrokian.
  • 20:00 Frantziatik etorritako LE BUS ROUGE taldearekin, KALEJIRA.
  • 21:00 ERREMENTARI DANTZA; Arrasateko euskal musika eta dantza taldeek parte hartuko dute.
  • 22:30 SAN JUAN SUA, Herriko plazan.
  • 23:00 NAGUSIEN DANBORRADA: Nafarroa etorbidean hasita eta herriko kaleetan zehar,  SUDCek antolatuta.
  • Horren ostean, Herriko plazan, GAUBELA taldearekin, DANTZALDIA.

 

EKAINAK 24, ASTELEHENA. SAN JUAN EGUNA

  • 08:00 TXOKOLATADA, txosna batzordeak antolatuta.
  • 08:30 DIANA, ARRASATEKO GAITEROEKIN.
  • 09:00 ENTZIERROA. Ibilbidea: Erdiko kale, Kanpantorpea, Zerkaosteta eta Laubide. Jarraian,  zaleentzat bigantxak zezen plazan.
  • 11:00 MEZA NAGUSIA, San Juan Bataiatzailearen parrokian. 
  • 11:00 Arrasateko Erraldoien eta Kilikien KONPARTSAren KALEJIRA.
  • 11:00 Arrasate Musikaleko MUSIKA BANDArekin KALEJIRA. 11:30ean Seber Altube plazan elkartuko dira Konpartsa eta Gaiteroekin.
  • 12:00  Ohorezko aurreskua eta San Juan zortzikoa, Herriko plazan.
  • 12:00 “Segway” eta “Turbotwist” ibilgailu dibertigarria erabiltzeko aukera, Biteri plazan.
  • 12:30  80 URTETIK GORAKO NAGUSIEI OMENALDIA, Etxaluzen (Abaroa).
  • 13:00  Arrasate Musikaleko MUSIKA BANDAren KONTZERTUA, Monterron parkean.

EGITARAUA:

AGÜERO. JOSE FRANCO
LA TORRE DEL ORO. GERONIMO GIMENEZ
EL METRONOMO DE MAELZEL. M. G. BASTIDA
BOHEMIA RHAPSODY. FREDDIE MERCURY
MONDRAGON F.T. JOSE RAMON VITORIA

ZUZENDARIA: MIKEL MARKIEGI

  • 18:30 MUSIKA KALERA. Txosna batzordeak antolatuta, animatzen diren herriko musikarien emanaldi askea, Alde zaharreko hainbat lekutan. 
  • 18:30  Presoen aldeko KALEJIRA, Biteri plazatik abiatuta; txosna batzordeak antolatuta.
  • 18:30  Mumusic taldearen “RODA MON” ikuskizuna, Seber Altube plazan.
  • 19:00 Eusko Labelen eskutik eta Goikobalu abesbatzak girotuta: OILASKO-JANA Herriko plazan. 
  • 19:30  ERREKORTADORE TXAPELKETA, zezen plazan,
  • 19:30 DANTZALDIA ALAIKI taldearekin, Seber Altube plazan.
  • 20:00  KALEJIRA, Arrasateko gaiterokin eta Arrasate Musikaleko haize- taldearekin, Erdialdeko kaleetan zehar.
  • 22:30 ZEZEN SUZKOen irteera, Portaloitik Herriko plazara.
  • 23:00 Astondoa pirotekniaren SU ARTIFIZIAL ikusgarriak, Santa Barbaratik. 
  • 23:15  DANTZALDIA, ALAIKI taldearekin, Seber Altube plazan
  • 23:15 THE GROOVIES taldeak 70 eta 80 hamarkadeko funky-soul abestien bertsioak eskeiniko ditu, Herriko plazan.

 

EKAINAK 25, MARTITZENA. HAURREN ETA GAZTETXOEN FESTA EGUNA

  • 08:30 DIANA, ARRASATEKO GAITEROEKIN.
  • 09:00 ENTZIERROA, aurreko eguneko ibilbidetik; jarraian, zaleentzat bigantxak zezen plazan.
  • 10:30 Haurgunea  (Biterin) eta Gaztegunea (Zaldibarren) jarriko dira martxan 14:00ak arte.
  • 12:00 EGUZKILARUri ongi etorria, karaokea eta makal txikiaren igoera Biteri plazan.
  • 12:00 Arano eta Garzia maisu-maistrak kalean, “Zeuk iñ zeuk jan” BAZKARIAren prestaketa.
  • 12:30 Kalejira. ROCKALEAN rock fanfarrearekin.
  • 13:30 APAR JOLASA, Jokin Zaitegi plazan. Bainu jantziak ekarri eta igerilekura…apar artean jolastera!!
  • 14:30 “Zeuk iñ zeuk jan” koadrilen arteko BAZKARI HERRIKOIA Arano eta Garzia maisu-maistrak kalean, ondoren KARAOKEA. Udalak sagardo kupel bat jarriko du. 
  • 16:00 Haurrentzako JOLASAK, Arano eta Garzia maisu-maistrak kalean “Zeuk iñ zeuk jan” bazkalostean.
  • 17:30  STREET BOULDER txapelketa, Herriko kaleetan zehar.
  • 18:30 ERREKORTADORE ESKOLA, gaztetxoentzat, zezen plazan.
  • 19:00 PIRRITX, PORROTX eta MARIMOTOTS Monterronen. Jarraian, Eguzkilaruri agurra.
  • 19:00 Kalejira, ROCKALEAN rock fanfarrearekin.
  • 20:00 TRAPU ZAHARRA taldearen LA VIDA EN B ANTZEZLANA, Seber Altuben.
  • 22:30 ZEZEN SUZKOen irteera, Portaloitik Herriko plazara.
  • 22:30 GOSE +VENDETTA+DJ DZ taldeen kontzertua, txosnagunean.
  • 23:00 Kontzertua Herriko plazan: UNA NOCHE SIN SABINA taldearekin.


EKAINAK 26, EGUAZTENA

  • 08:30 DIANA, ARRASATEKO GAITEROEKIN.
  • 09:00 ENTZIERROA. Ohiko ibilbidean zehar. Jarraian, zaleentzat bigantxak izango dira zezen plazan.
  • 11:00 Arrasateko Erraldoien eta Kilikien Konpartsaren kalejira.
  • 12:00 Arrasateko trikitilarien kalejira.
  • 12:00 Turbotwist eta Ezy Roller ibilgailu dibertigarriak erabiltzeko aukera, Biteri plazan.
  • 12:00–14:30 KULTURARTEKOTASUN AZOKA. Herriko plazan kultura desberdinetako jaki tipikoak dastatzeko aukera.
  • 12:00 INCANSABLES txarangak jardungo du goiza girotzen, Alde zaharrean zehar. 
  • 18:30 ZOOZOOM ikuskizuna, MARKELIÑE taldearen eskutik, Seber Altube plazan.
  • 18:30 ERREKORTADORE GAZTETXOEN ESKOLA, zezen plazan.
  • 19:00 INCANSABLES txaranga egongo da arratsaldea girotzen alde zaharretik.
  • 19:30  SOKA DANTZA, Herriko plazan.
  • 20:00 THE POTES taldearen kontzertua, Seber Altube plazan.
  • 20:00 Jon Urbieta Djarekin DANTZALDIA, Herriko plazan.
  • 22:30 Oihan Vegarekin DISKOFESTA, Herriko plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak