Mery May: "Ben Howard-en eta Bon Iver- en eragin handia izan dut 'Rue Matignon' egiteko"

Jagoba Domingo 2013ko eka. 12a, 02:00

Mery May arrasatearrak Bordelen bizi izandako bizipenak disko batean gorde ditu oraingoan. Rue Matignon da diskoaren izena eta bertan, betidanik izan dituen bertuteak esplotatu ditu, urteetan taula gainean lortu duen esperientzia baliatuta. Hala ere, 24 urte besterik ez du odol irlandarra zainetan daraman arrasatearrak eta bakarlari bezala kaleratzen duen bigarren diskoa da.

11 kantuak entzutea 11 giro eta estilo ezberdinetan zehar bidaiatzea da, kez betetako pub batetik Palms Springs-eko deserturaino. Musikan daramatzan urte hauetan, 200 kontzertutik gora eskaini ditu, besteak beste, Irlandan eta Frantzian; eta, gainera, Nick Lowe, Najwa Nimri eta Maika Makovski musikariekin jo izan du. Bada, bigarren lan horrekin indie panoraman gora egin beharko luke.

Nolako izan zen grabazioa?

Oso luzea, urrian sartu nintzen Shot! estudioan eta duela hilabete amaitu nuen. Diskoaren grabazioa puzzle bat bezala izan da. Hasteko, kantuen baseak grabatu nituen eta horiek Etxagibel perkusionistari eman nizkion; gero, Borja Hernandezek baxua grabatu zuen... Ondoren, baina, detaileekin denbora luzea eman dugu estudioan. Adibidez, koruak, txaloak, gitarra moldaketak, banjoa, pianoa eta beste hainbat instrumentu daude kantuetan. Horrez gain, nahasketa eta masterizazioa egiten ere denbora luzea eman dugu.

Beraz, zure kantuak izan arren, beste musikari batzuek ere hartu dute parte?

Bai; oraingoan, lagunez inguratu naiz eta emaitzan igarri egiten dela uste dut. Nork bere momentuan kantu bakoitzari beste ikuspuntu bat eman dio.

Rue Matignon diskoaren produkzioa landua dela igartzen da.

Zalantzarik gabe; perkusioa grabatzeko, adibidez, Etxagibelek bost egun eman zituen estudioan. Bateria, lira, marakak, kaxa flamenkoa... detaile asko estudioan bertan bururatu zitzaizkigun. Eta horrez gain, nahasketetan eta masterrean lan handia egin dugu. Nahasketak Iñaki Bengoak egin zituen, baina masterra Daniel Altarriba madrildarrak egin zuen. Saint Patricks eguna ospatu bitartean ezagutu nuen Altarriba,  eta izugarrizko sorpresa izan zen. Altarribak Russian Red, Anni B Sweet eta Alejandro Sanz musikarien diskoetan lan egin  izan du, eta neure diskoaren parte izatea oso pozgarria izan zen.

Zer aurkituko dugu diskoan?

Oso kantu ezberdinak daude. Fuck you ;) sentimenduei buruzko kantua da, pop klabean egindakoa, hurrengoak cowboyen mundura gerturatzen dira, baina folk, rock eta runbarako momentuak ere badaude. Horrez gain, funkak ere tartetxo bat du Radio kantuan; kantu hori Bang Band proiektuarekin grabatu nuen. Bordelen eman nituen hilabeteetan, Frank Lapuyade eta Cedric Menesguen ezagutu nituen hirian ia egunero egiten ziren jam saioetan, eta Mery May and the Bang Band proiektuarekin ere ibilbidetxo bat egin genuen iaz. Beraz, hainbat osagai dituen koktela da bigarren diskoa.

Dreams-ekin alderatuz eboluziorik sumatu duzu?

Alde handia dagoela uste dut. Normala den moduan, azken urteetan gitarra alboan izan dut; beraz, nahi edo ez, zerbait ikasi dut. Baina, nire ustez, alde handiena jarreran dago, kantuek karisma eta nortasun handiagoa dute. Bestalde, aurreko diskoa asteburu batean grabatu nuen eta hau amaitzeko hilabete batzuk eman ditut; beraz... aldea sumatzea espero dut!

Noiz aurkeztuko duzu diskoa?

Egubakoitzean, hilaren 14an, 19:30ean aurkeztuko dut diskoa Arrasateko plazan, Kajoi tabernak antolatuta. Kontzertua hirukote bezala emango dut, Aitor Etxagibel perkusionistarekin, Foxi Boxxy taldeko bateria-jole ohiarekin  eta Mikel Azkargorta baxu-jolearekin –Mahaster River bergararren taldekide ohia.

Eta hortik aurrera?

Oraingoz, ekainaren 29an, Bilboko La Nube kafe-antzokian egongo naiz eta uztailaren 5ean, Bergarako Laino skate parkean. Orain dela gutxi, Joseba Gorordo manager bilbotarrarekin lanean hasi naiz; beraz, gutxi barru kontzertu gehiago izatea espero dut.

Diskoa non dago salgai?

Arrasaten, Iluntz, Ekaitz, Jai-Zale eta Kajoi tabernetan, eta kontzertuetan, oraingoz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak