Berritasunekin eta jendetsu dator aurten nagusien danborrada

Ubane Madera 2013ko eka. 10a, 11:15

"Zortzi bat konpainia seguru izango dira, 25-30 lagunekoak bakoitza. Entseguak orain pare bat aste hasi genituen eta horiexek dira, gutxi gorabehera orain arte azaldu direnak. Lehen entseguan, adibidez, a tope ibili ginen. Eta beste adibide bat: Zigorrolatik etorri zitzaigun eskaera, 80 lagunen konpainia bat osatzeko". Horixe da aurtengo nagusien danborradaren oraingo argazkia: jendetsu datorrela. Horri gehitu behar zaio berritasunak ere izango dituela. Gaur, astelehena, dute entsegurako hitzordua: 20:30-21:30era San Viatorren patioan.  

 

"Orain artekoak ikusita, pentsatzen hasita gaude aurten akaso guk material nahikorik izango ez dugula… Hala ere, iritsi ezean, inguruko herrietan eskatzea nahikoa da, beraz, ez legoke arazorik", kontatu du Juan Luis Arkauzek danborrada antolatzen duen SUDC elkarteko presidenteak. 

Konpainia berri bi: Mondra

Txarto ez, B plana izatea, beraz. Izan ere, oraingoz bi konpainia berri baditu aurtengo danborradak: Mondrarena izango da bata. Futbol taldearen 100. urteurrenaren bueltan antolatu dutena.  30-32 lagunek osatuko dute. "Gehienak lehen ekipoko neskak eta mutilak izango dira, 28-30 jokalari guztira, erdiak neskak eta erdiak mutilak. Mondrako kamisetekin jantzita joango dira. Konpainiako gainontzeko bostak zuzendaritzako kideak izango dira, izenen bat aipatzearren, Bittor Arriaran izango da tartean. Zuzendari nagusiaren lanak, berriz, Andoni Ezkurrak egingo ditu. Barril-joleak izango gara Mondrakoak", kontatu du Fernando Laspiurrek Mondrako zuzendaritza taldeko kideak.
Ereserkia, plazan

Hark aurreratu du, baita ere,  Mondraren urteurrenaren harira, taldearen ereserkia danborradan jo egingo dutela, plazan, danborradaren amaieran, hain justu ere. " Bertan egunean 20:30-21:00etan afaria egingo dugu Txalaparta elkartean 80 urtetik gorako Mondrako jokalari izandakoekin (15-16 bat lagun etorriko dira, eta zuzendaritzako lauzpabost). Mondraren ereserkia moldatu egin da, danborradan zein musika bandan (hori ere Sanjuanetan jotzeko). Eta danborrada plazan amaitzen denean eta Mondraren ereserkia jotzen duenean, 80 urtetik gorako horiek balkoira irtengo dira, herriko omenaldi moduko hori jasotzera". 
… eta Musakola
Danborradak izango duen bigarren konpainia berria, berriz, Zigorrolatik etorriko da. Iban Goñi auzo alkatearen arabera, astoaren eta dragoiaren arteko harremana ona dela erakusteko hartuko dute parte: "Pike sanoa dago bi aldeen artean eta gure arrastoa utzi gura dugu Sanjuanetako danborradan. Gainera, Mondrak mendeurrena beteko duenez eta futbol zelaia gure auzoan dagoenez, jaiarekin bat egitea gura dugu. Auzoan proposamena zabaldu eta sekulako erantzuna jaso genuen, oso pozik gaude". Jesus Mari Apraitz izango da astoaren konpainia zuzenduko duena. 
Bi entsegu astean
Bi konpainiok zein gainontzekook, astean bitan elkartzen dira, entseguak egiteko: gaur, astelehena eta etzi eguaztena, 20:30etik 21:30ak arte, San Viator Handin. "Danborradan parte hartzeko interesa duenari entseguetara joatea komeni zaio. Berdin da koadrila bat izan edo banaka batzuk izan. Bat edo bi badira, adibidez, badauden konpainietan sartuko ditugu", azaldu du Arkauzek. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak