Iker Barandiaran (Kooltur Ekintza): "Poztekoa da jendeak Kooltur Ostegunak zer den ondo ezagutzea"

Amaitu da hirugarren ikasturtea Kooltur Ekintza taldeak antolatzen duen Kooltur Ostegunak ekimenarendako. Antolatzaileek balorazio positiboa egin dute, aurten Arrasateko gaztetxera aurreko bi urteetan baino jende gutxiago hurbildu den arren. Iker Barandiaran taldeko kidearekin egon gara eta gustu handiz erantzun dizkigu galderak. Jarrain, elkarrizketa osoa.

Ze balorazio egiten duzue hirugarren ikasturteaz?

Balorazio ona egiten dugu bukatu berri dugun Kooltur Ostegunetako hirugarren ikasturteaz. Kurtso honetan ere kalitate eta barietate handiko proposamenak eraman ahal izan ditugu Gaztetxera, musika estilo eta jatorri oso desberdinekoak. Hala ere, onartu beharra daukagu aurreko bi edizioetako tendentzia, publikoak gora egitearena, aldatu eta aurten apur bat behera egin duela. Baina, oraindik aurtengo zenbakiak egin ez baditugu ere, pozteko moduko kopuruak direlakoan gaude.

Bestela, poztekoa da jendeak, bai Arrasaten eta baita Debagoienetik kanpo ere, Kooltur Ostegunak zer den ondo ezagutzea; eta Euskal Herriko musika talde askok ere ostegunetako programazio berezi honen berri izatea.
Baita, Euskal Herriko kontzertuetan hain ohikoa ez den puntualitateari eutsi izana, eta ikusleek hori ondo ikasita izatea.

Zeintzuk izan dira kontzerturik jendetsuenak? Kontzertu bereziren bat / Bereziki aipatzea merezi duenik? Nolako harrera izan dute musika izan ez diren beste formatuek?

Kontzertu jendetsuenak honako hauek izan dira: Nuevo Catecismo Católico eta Lobo Electricok batera egindakoa, Iheskide eta McOnak-ek batera egindakoa (bi horiek hirugarren Kooltur kurtsoa hasi aurretik egin genuen iraileko asteburuan izan ziren). Horiez gain, oso jendetsuak izan dira, baita ere, Lisabö, Fiachras, Mursego, Gari, Krissy Matthews, Esne Beltza, Willlis Drummond, Los Separatistas, Glaukoma...

Kontzertu bereziei dagokionez, asko izan daitezke: adibidez, bi kontzertu bakarrik egiteko sortu eta desegin zen Los Separatistas taldearena (lehena, gainera, Arrasatekoa izan zen). Talde hori Atom Rhumba, Negu Gorriak, Willis Drummond, Ingalaterrako The Cubical-eko... musikariek osatzen dute/zuten.

Berezia izan zen, baita ere, Krissy Matthews-ena. Odol ingeles eta eskandinabiarra daukan musikari gazte baina supertalentodun honek blues-rock kontzertu ikaragarria eman zuen EHko emanaldi bakarrean.

Orain gutxi Bartzelonako The Capaces taldea izan genuen kriston hardcore-punk emanaldia eskainiz. Europan barrena hilabeteko bira egin ostean eta bezperan(!!) Alemaniako Köln-en kontzertua egin ostean, Arrasatera heldu ziren ia derrapatzen eta aspaldiko kontzertu kañeroena eman zuten.

Raul Romok gidatzen duen Playa Canalla taldeak emanaldi ikaragarria eskaini zuen, hainbat estilo bero eta dantzagarri fusionatuz.

Fermin Muguruzak sortutako Zuloak talde mediatikoak ere kontzertua eman zuen Arrasaten munduko biraren barruan.

Mursegok ere kontzertua egin zuen abesti berriak aurkeztuz eta show errepikaezin bat eginez. Gainera, azken urtean apenas egin du kontzerturik Arrasatekoaz gain.
Zaila da kontzertu berezi bat aukeratzea, gehienak bereziak izaten dira-eta.

Musika kontzertuak izan ez diren emanaldiei dagokionez, uste dut bi izan direla: Rosalinda sous le ciel eta Publikoari gorroto, biak antzezlanak. Egia esanda, antzezlan gutxi egiten ditugu, bizpahiru kurtso bakoitzeko, baina halakoetan jendeak oso ondo erantzuten du. Rosalinda souls le ciel umorezko antzezlana izan zen, bakarrizketa; eta Publikoari gorroto Ander Lipus aktore markinarraren azken lana, umoretik eta garraztasunetik, bietatik, asko daukana.

Laugarren ikasturtea egingo da. Zeintzuk dira aurreratu ditzakezuen taldeak?

Kooltur Ostegunen laugarren ikasturtea egingo dugu, oraindik gure artean gauza gutxi zehaztu baditugu ere, printzipioz beti bezala urri hasieratik maiatzera bitartean egingo dugu. Hainbat talderekin harremanetan gaude, baina momentuz hiru konfirmatzeko modukoak: Bide Ertzean talde tolosarraren disko berriaren aurkezpen mundiala -Arrasaten beste inon baino lehenago-, Hot Wok talde beroaren disko berriaren aurkezpena, eta Donostiako Supersweet taldearen Featuring The Who´s 'Tommy emanaldi berezia (hau da, Supersweet taldea The Who-ren Tommy diskoa egiten).

Egin dezagun berba lantaldeaz. Zenbatek osatzen duzue? Nola funtzionatzen duzue?

Lantaldeari dagokionez, hamar lagunen bueltan gaude, hasierako ia berberak. Horien artean, gaztetxeroak izandakoak, soinu teknikariak, tabernariak, twitterlariak, musikariak... Orokorrean faranduleroak eta batez ere musika zein DIYa (gure kabuz egitea) gustuko dugunak. Gainera, gure artean hainbat belaunaldi batzen gara eta hori aberasgarria ere bada. Nola funtzionatzen dugun? Batzuk taldeak lortzen ditugu, beste batzuk soinuaz, horren muntaiaz eta mantenimenduaz,  batzuk taldeen catering-az eta Gaztetxeko tabernaz, batzuk kontzertuetan sarrerak kobratzeaz, batzuk komunikabide eta sare sozialetaz... Baina askotan lanak eta zereginak tartekatu egiten dira.
Funtzionatzeko modu nahiko ona daukagu, baina egia da astero-astero izanda, batzutan jendez justu ibiltzen garela. Hortaz, batzuetan esker-onekoak izaten dira laguntzak.

Bestela, Kooltur Ostegunak egin ahal izateko soinu ekipoa eskuratu genuen eta poliki-poliki kontzertuetan Gaztetxeko tabernan jasotakoarekin ordaintzen dihardugu. Tamalez, halako ekipoak erabilita zenbait gauza berritu behar izaten dira eta gastuak gehitu egiten dira. Baina ordainketa aurrera doa eta baita ekimena ere. Hortaz, zentzu horretan ere oso balantze positiboa.

Jakina, hau guztia ez litzateke posible guztiok musutruk lan egingo ez bagenu.

Bukatzeko, eskerrak ematea Kooltur Ekintzak taldeak antolatzen duen Kooltur Ostegunak ekimena modu batean edo beste batean babesten dutenei, batez ere ikusleei.