Musika fusioen erritmora Flamenko Etxearekin

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko eka. 7a, 18:09

Musika estiloen fusioan oinarritzen da Flamenko Etxea ikuskizuna. Gorka Hermosa akordeoilari urretxuarraren eta Jose Luis Monton gitarra-jole katalanaren proiektua da eta bihar Arrasateko Amaia antzokian arituko dira, 20:00etan.

Flamenko munduan gitarrista ezaguna da Monton, eta Hermosak duela sei urte ezagutu zuen Jerezko Flamenko Jaialdian; ordutik kontzertu ugari eskaini dituzte elkarrekin. "Proiektu honetara gainera, bestetan elkarlanean aritu garen artista batzuk gonbidatu ditugu: Selene Muñoz dantzari daniar-espainiarra, Maria Berasarte fado abeslari donostiarra eta Hodei Lizaso perkusionista hernaniarra, hain zuzen".

Flamenkoa oinarrizko osagai izanda, hori hartu eta beste estiloekin nahastuta, proiektu interesgarria jarraitzeko aukera egongo da bihar Arrasaten: "Ez zaizkit sekula etiketak gustatu, momentu bakoitzean nahi izan dudana egin dut, musikan askatasuna oso garrantzitsua baita. Hori bai, akordeoiarekin espero ez diren musikak egiten ahalegindu naiz beti".

Euskal kutsuko lana

Urretxuarraren esanetan, sarri galdetu izan diote euskal musika eta flamenkoa uztartzearen ideia nola sortu zen. "Oso gauza naturala dela esango nuke. Jose Luisek flamenkoa egiten du eta ni euskalduna naiz, ez dago misterio handirik. Bion arteko espazio komunak euskal kutsua eduki behar zuela iruditzen zitzaidan".

Horren adibide moduan, ikus-entzuleek flamenkoa euskaraz ere egin daitekeela ikusiko dute bihar Amaian: "Euskarazko kantu bat ere badaukagu, Lau Haizetara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak