MUren enplegu azokak 300 lan-elkarrizketa sustatu zituen

Leire Kortabarria 2013ko eka. 7a, 10:40

Lana bilatzen dabiltzan 300 gazteren eta enpresen artean lan-elkarrizketak sustatu zituen atzo, eguena, Mondragon Unibertsitateak egin zuen I. Enplegu eta Prestakuntza Azokak. Hainbat kooperatibak parte hartu zuten, eta batzuek, bereziki, arreta handia piztu zuten jendearengan.

Enplegua bilatzen dabiltzan edo prestakuntza hobetu nahi duten guztiek zeukaten atzoko enplegu azokan parte hartzeko aukera. MUren Goi Eskola Politeknikoaren Arrasateko campusean egin zuten azoka, 15:00etatik 19:00etara. Azokak enplegu-poltsa eskaini du, enpresentzako eta erakundeentzako gunea curriculumak entregatzeko, lan-elkarrizketak egiteko gunea eta unibertsitatearen prestakuntza-eskaintza erakusteko gunea.

Hainbat sektoretako hogei bat enpresak azokan parte hartu dute; zehazki, enpresa hauek: Euskadiko Kutxa, CAF, Decathon, Fagor Arrasate, Novia Salcedo Fundazioa, Irizar, EITB, Orona, IDeko-IK4, Danobat Group, Alecop, Arizmendi Ikastola, Batz, Cikautxo, Hekimen Elkartea, San Viator Ikastola, Olabide Ikastola eta LKS.

Lan-poltsan izena emateko aukera

Enplegua bilatzen ari direnek unibertsitateko ikasle eta ikasle ohientzako stand-ak izan zituzten. Horietan, enplegu-orientazioko zerbitzua eskaini zitzaien eta unibertsitatearen lan-poltsan izena emateko aukera izan zuten. Gainera, beste stand batzuetan, azoka bisitatu zuen edozein pertsonarentzako enplegu-poltsak izan ziren.

Enpresa eta erakundeentzako gunean hainbat sektoretako erakundeak egon ziren, bakoitza bere stand-arekin. Interesatuek curriculuma pertsonalki entregatzeko aukera izan zuten. Horrela, enpresek edo erakundeek profil zehatz bat behar dutenean, curriculum horiek izango dituzte eskura.

Gainera, azokak Mondragon Unibertsitateko ikasle eta ikasle ohientzako gune bat izan zuen, beren curriculumak entregatzerakoan enpresekin bost minutu inguruko lan-elkarrizketak egiteko.

Prestakuntzari zuzendutako gune bat ere izan zen azokan. Bertan, unibertsitateak bere prestakuntza-eskaintza erakutsi zuen, parte-hartzaileek beren ezagutzak eta prestakuntza areagotu zitzaten. Unibertsitate-masterrak eta profesionalentzako prestakuntza aurkeztu zituzten, batik bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak