Lan bila dabiltzan guztiondako I. Enplegu eta Prestakuntza Azoka antolatu du MUk

Mondragon Unibertsitateak bere I. Enplegu eta Prestakuntza Azoka antolatu du. Enplegua bilatzen ari den edo bere prestakuntza hobetu nahi duen pertsona orori dago irekita. Berdin dio zer unibertsitatetik datorren. Ekainaren 6an izango da.

Biztanleria osoari irekitako enplegu-foroa da eta langabe dauden pertsonak, enpresak eta erakundeak in situ harremanetan jartzeko aukera ezin hobea, horretarako egokituriko gune batean.

Hitzordua datorren ekainaren 6an izango da, 15:00etatik 19:00etara, Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoaren Arrasateko campusean, 11. eraikinean. Azokak enplegu-poltsa eskainiko du, enpresentzako eta erakundeentzako gunea curriculumak entregatzeko, lan-elkarrizketak egiteko gunea eta unibertsitatearen prestakuntza-eskaintza erakusteko gunea.

Momentuz, hainbat sektoretako hogei bat enpresak egiaztatu dute azokan parte hartuko dutela. Euskadiko Kutxa, CAF, Decathon, Fagor Arrasate, Novia Salcedo Fundazioa, Irizar, EITB, Orona, IDeko-IK4, Danobat Group, Alecop, Arizmendi Ikastola, Batz, Cikautxo, Hekimen Elkartea, San Viator Ikastola, Olabide Ikastola, LKS eta *** dira orain arte parte hartuko dutela egiaztatu duten enpresak eta erakundeak.

Enplegu-poltsak

Enplegua bilatzen ari direnek unibertsitateko ikasle eta ikasle ohientzako berariazko standak izango dituzte. Horietan, enplegu-orientazioko zerbitzua eskainiko zaie eta unibertsitatearen lan-poltsan izena emateko aukera izango dute. Gainera, beste stand batzuetan, azoka bisitatuko duen edozein pertsonarentzako enplegu-poltsak izango dira.

Enpresa eta erakundeentzako gunean hainbat sektoretako erakundeak egongo dira, bakoitza bere standarekin. Interesatuek curriculuma pertsonalki entregatzeko aukera izango dute. Horrela, enpresek edo erakundeek profil zehatz bat behar dutenean, curriculum horiek izango dituzte eskura.

Gainera, azokak Mondragon Unibertsitateko ikasle eta ikasle ohientzako gune bat izango du, beren curriculumak entregatzerakoan enpresekin bost minutu inguruko lan-elkarrizketak egiteko. Gune horretara sartzeko beharrezkoa da aurretik hitzordua eskatzea, lanbai2013@mondragon.edu helbidearen bitartez.

Prestakuntzari zuzendutako gune bat izango dute azoka bisitatuko dutenek. Bertan, unibertsitateak bere prestakuntza-eskaintza erakutsiko du, parte-hartzaileek beren ezagutzak eta prestakuntza areagotu ditzaten. Unibertsitate-masterrak eta profesionalentzako prestakuntza eskainiko dira batik bat.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.