Adin nagusiko egingo da aurten Dragoi Jana eta AEDren 30. urteurrena baliatuta aurrerapauso bat emateko aprobetxatuko dute antolatzaileek. Azken urteoetan San Juan egunez ospatu izan da eta egitaraua nahiko estu geratzen zela konturatuta, ekainaren 22ra aurreratu dute, horrela euskararendako eta euskaltzaleendako eguna berreskuratuz.
Gazteek emango diete hasiera
Arrasateko gazte euskaldunen topaguneak arratsaldetik egingo du bat Dragoi Janarekin. Iazko urrian gaztetxean sortutako taldeak San Juanetakoa izango du bere lehen agerraldi publikoa, eta hasteko kalejira eta jolasak antolatu ditu.
"Ez jaitsi espaloitik" lelopean 18:30an abiatuko dira txosnagunetik, kalejiran bi ordu beranduago herriko plazan amaitzeko. Jokoetako irabazleek, gainera, Dragoi Janerako lau txartel irabaziko dituzte.
Azken urteotan ohikoak diren afaria, dragoi tribiala, bertso ikuskizuna eta zozketak izango dira ostean plazan.
Puntualitatea
Aurten garrantzi berezia eman nahi diote antolatzaileek afalosteko bertso ikuskizunari eta ez berandutzeko, afaritara garaiz joateko deia egin dute. Txartelak 21:00etatik aurrera ez direla salgai egongo ere iragarri dute.
Sarrerak astelehenetik aurrera egongo dira salgai Irati, Monte eta Kajoi tabernetan, 10 eurotan. AED-ko eta AEK-ko kideek 8 eurotan erosi ahal izango dituzte eta tabernariei arazo gutxiago eragiteko euren bulegoetan erosteko eskatu diete bazkideei.