Uruguaiko presidentea Mondragonen dago

Leire Kortabarria 2013ko eka. 2a, 14:02

Uruguaiko presidenteak, Jose Mujicak, Mondragon Korporazioa bisitatzen dihardu, bisita pribatu baten.Korporazioak eta Uruguaiko Industria, Energia eta Meatzaritzako ministroak lankidetza hitzarmena egin dute. Gaur goizean segurtasun neurri handiak ipini dituzte errepideetan eta Arrasateko zenbait lekutan, bisitan gorabeherarik egon ez zedin.

Korporazioko Kontseilu Orokorreko lehendakaria den Txema Gisasolak hartu du Jose Mujica. Bisita uruguaitar agintaria bere herrialderako negozio aukera berriak aztertzeko duela zenbait astetik hona egiten ari den bidaia ofizial baten barruan kokatu da, izan ere, joan den maiatzaren 29an iritsi zen Espainiara bisita ofizialean.

Madrilen izan den bitartean, Mujicak hainbat ekitaldi instituzionaletan parte hartu du Espainiako errege-erreginekin eta Mariano Rajoy gobernuko lehendakariarekin, eta ehun inguru enpresari espainiarrekin ere elkartu zen, horien aurrean Uruguaik atzerriko kapitalarentzat negozio eta inbertsioetan eskaintzen dituen aukerak azaltzeko. Halaber, joan den eguabkoitzean Eusko Jaurlaritzarekin eta Iñigo Urkullurekin elkartu zen.

Mondragon Unibertsitatea ere bisitatu du

Uruguaitar lehendakariak hasieratik adierazi zuen sarrailagintzaren herrira gerturatzeko prestasuna, Mondragon Korporazioa in situ ezagutzeko. Hain zuzen ere, Jose Mujicaren interes nagusietakoa prestakuntzaren arloari lotutako alderdiak ezagutzea zen, hau da, hezkuntzak Esperientzia Kooperatiboaren garapenean jokatu duen rola eta gaur egun Mondragon Unibertsitateak eskaintzen dituen prestakuntza programak.

Goizeko 11:00 aldera iritsi da, bere familiaren sorterria den Bizkaiko Muxika herritik, eta uruguaitar delegazioa hartzeko Korporazioaren ordezkaritza bat zain zegoen, Txema Gisasola presidentea buru zela.

Mondragoni buruzko ikus-entzunezko bat ikusi eta gero, bi ordezkaritzek bilera bat egin zuten, lankidetzarako aukerak aztertzeko, eta azkenean lankidetzarako esparru hitzarmen bat sinatu zuten, Uruguaiko Industria ministro Roberto Kreimermanek eta Mondragon Internazionaleko lehendakari Josu Ugartek izenpetu zutena. Ondoren, bi ordezkaritzak Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultatera joan dira, eta bertan, Josu Zabala errektorea lagun zutela, instalazioak bisitatu eta lan bilera bat egin dute.

Uruguaiko kooperatibismoari laguntzeko

Bisitan zehar Uruguaiko Industria, Energia eta Meatzaritzako Ministerioaren eta Mondragon Korporazioaren arteko lankidetza esparru hitzarmen bat sinatu zen, programak eta esperientziak partekatzeko helburu nagusiarekin, Uruguaiko sistema kooperatiboa sustatzera zuzenduta.

Zehazki, prestakuntza programak landuko dira, produkzio kooperatiben eta nekazaritza kooperatiben gestioa hobetzeko. Hitzarmenaren jarduera eremua, halaber, Uruguaiko kabinete produktiboak lehentasunezkotzat jo dituen garapen sektoreetara zabalduko da, hala nola: bioteknologia, nanoteknologia, ontzigintza, automozioa, IKTak, energia berriztagarriak eta nekazaritzako industria. Finean, hitzarmenaren helburua Uruguain Ekonomia Sozial eta Solidariorako politikak ezartzeko esperientziak partekatzea da, gizartearen garapen bidezkoagoa eta zuzenagoa lortzeko xedearekin.

TU Lankidek flickr-en zintzilikatu ditu Arrasatera egindako bisitako argazkiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak