Elkartasun Eguna bihar, herri txiroen problematika helarazteko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko mai. 31a, 12:00

Arrasateko Gobernuz Kanpoko Erakundeek antolatuta, 15. Elkartasun Eguna ospatuko da bihar Seber Altube plazan. Dagoeneko herrian errotu den ekimena da; dagoeneko ez dago ulertzerik ekaineko lehen zapatua Elkartasun Eguna barik. Bidezko merkataritza bidezko produktuak, umeendako puzgarriak, Herrixa Dantzan, Eroski Bidaiak eta Ibai Arte elkartearen zozketak... Egitaraua zabala da oso; ea eguraldiak ere elkartasun keinu bat duen...

Urtero legez aurten ere bidezko merkataritza izango da protagonista eta merkataritza modu horretan oinarrizen diren denetariko produktuak erosi eta dastatu ahalko dira.

Horren arrakastatsuak diren umeendako puzgarriak ez dira faltako, 11:00etatik aurrera. 12.00etan Arrasate Musikaleko soka boskoteak eta soka talde gazteak kontzertua eskainiko dute, eta 12.30ean Sambamaña batukadak erritmo brasildarrak ekarriko ditu. Eguerdi partera, gainera, pintxo solidarioak dastatzeko aukera egongo da.

Zozketa solidarioa

17:30ean Non dago Lolo? ipuin kontalari magikoa izango da Lili eta Lalo bikotearen eskutik, eta 19:30ean Herrixa Dantzan saioa izango da. Iluntzean, berriz, Eroski Bidaiak eta Ibai Arte elkarteak emandako sarien zozketa egingo dute. Egun osoan zehar egon dira salgai zozketa horretarako txartelak.

Zozketatik aterako den dirua India aldera joango da, Mumbaitik gertu dagoen Ankur herrixkako umezurtztegira. Bertan Santa Anako Karitateko Ahizpek 200 neskatilekin lanean dihardute, euren oinarrizko beharrak eskainiz eta oinarrizko hezkuntza emanez. Harreman Bidezko Merkataritza Dendako ordezkariek Ibai Arte elkarteak zozketa horrekin beste behin erakutsitako konpromisoa eskertu gura izan dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak