Gaur irekiko dute Arrasate Rugby Taldearen 15. Garagardo Azoka

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko mai. 29a, 17:32

Oso gutxi dira Mojategira Arrasate Rugby Taldearen partiduak ikustera joaten diren arrasatearrak. Hala ere, azken 15 urteotan Herriko plazan egiten den Garagardo Azoka ezaguna da gehienondako. Ezaguna eta arrakastatsua, urtez urte gero eta jende gehiago erakartzen du-eta ukitu alemaniarra duen festak. Azokaren arrakastaz konturatzeko, aurtengo datuak ikustea besterik ez dago: 2.190 litro garagardo eskatu dituzte, bost marka ezberdinetakoak. Ohikoena garagardoa pitxarretik edatea bada ere, litro laurdeneko 750 botila eskatu dituzte. Eta noski, jaki alemaniarrik ez da faltako: 2.700 opil, 375 oilasko, 720 txerri ukondo eta 140 saltxitxa lata eskatu dituzte. Aurten, nobedade moduan, patata-minen errazioak salduko dituzte. Edari eta jaki horiek prestatu eta zerbitzatzeko, Arrasate Rugby Taldeko kideak ibiliko dira jo eta ke lanean.

Gaur irekiko ditu ateak 15. Garagardo Azokak. Irekiera egunean, iaz egin moduan, Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean, herri kirolak egingo dira (18:30): sokatira, zaku-lasterketa, txingak eta artaburuen bilketa. Talde bakoitzak zortzi kide izango ditu eta izena emateko aukera egongo da egunean bertan.

ART-eko Joseba Maidaganek azaldu digu zergatik erabaki duten ekintza errepikatzea: "Iaz harrera ona izan zuen eta interesgarria da guretako unibertsitateko ikasleek ere Garagardo Azokan parte hartzea. Modu kurioso bat da azokarekin hasteko". Hainbat sari banatuko dira, eta txapeldun geratzen den taldeak afaria irabaziko du. Egun horretan pintxo-garagardoa izena jarri dioten ekimena egingo dute: 18:30etik 21:00etara, gura duenak euro baten truke garagardo botila izango du eskuragai, eta horrekin batera saltxitxa pintxoa.

Eguenean itxita, grebagatik

Irekiera ofiziala, baina, Udaleko ordezkariek egingo dute, 20:30ean; ARTeko kide eta ekimenaren babesle guztiekin batera karpan afalduko dute. Musika ez da faltako, eta gauerdira arte  eskaintza berezia egongo da: lehen garagardo pitxarra lau euroren truke, eta bigarrena hiru eurotan. Eguenean, berriz, greba orokorrerako deia dela-eta, azoka itxita egongo da eta egubakoitzean irekiko ditu ateak berriro, 18:30ean. Gauerdira arte ohiko menuak zerbitzatuko dituzte: txerri ukondoa, saltxitxa eta oilaskoa. Zuzeneko emanaldirik ez da egongo, baina musikarik ez da faltako. Zapaturako plana berbera izango da.

Bestalde, duela bi urte eman ziren lapurretengatik segurtasun zerbitzua kontratatu dute: "Ez da gure gustukoa halako neurriak hartu behar izatea, baina ez dugu orduko gertaera errepikatzerik nahi", dio Maidaganek. 

15. Zazpinako Txapelketa

Zapatua izango da Garagardo Azokako egunik potoloena, egun horretan jokatuko da-eta 15. Nazioarteko Zazpinako Errugbi txapelketa.

Aurrekoetan bezala, partiduak Mojategin izango dira, 15:00etan hasita. Maidaganek aurreratu duenez, gizonezkoez osatutako "sei edo zazpi" talde eta emakumezkoez osatutako beste "bi edo hiru" izango dira aurten. Talde bakoitzean 12 jokalari izango dira. Sari banaketa zapatuan egingo da karpan, 21:00etan. Eta noski, urtero moduan, parte hartzaile guztiek elkarrekin afalduko dute bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak