Zeru grisari kolore apur bat

Arritxu Barruso 2013ko mai. 27a, 10:45

Arrasate Margo Taldeak antolatuta arte azoka egin zuten Seber Altuben zapatuan. Eguraldi goibela eta hotza egin zuen arren, arrasatear dezente gerturatu zen azokara.

Arrasateko Seber Altube plaza gris eta goibel esnatu zen zapatu goizean. Koadro bat margotu beharra izanez gero kolore grisak eta ilunak izango ziren nagusi. Bada, goizak aurrera egin ahala koadroa kolorez janzten hasi zen apurka-apurka. Arrasate Margo Taldeko artisten lanek jantzi zuten, hain justu ere, mihisea kolorez. Urteroko hitzordu bilakatzen ari den arte azoka egin zuten.

Herritarren berotasuna 

Bederatzi gradu besterik ez zituen egiten Seber Altube plazan azoka ireki zutenean, baina, zorionez Arrasateko artistek herritarren berotasuna jaso zuten berehala. 11:00etarako jende dezente zebilen margolarien postuak bisitatzen. Artistekin eurekin hitz egiteko aukera aprobetxatu zuen batek baino gehiagok. Margolariek gustura asko eman zituzten eskatutako azalpenak. "Oso egun polita izaten da niretako gaurkoa. Ezagutzen nauen jende askok ez du ezagutzen margotzeko dudan zaletasuna eta harritu egiten dira hemen ikusten nautenean. Gerturatu eta egiten dudan lanaren inguruko azalpenak ematen dizkiet", kontatu zigun pozik Belen Jimenezek.

Eguerdi partean eta arratsaldean ibili zen jende gehien eta artistak gustura azaldu ziren egunak emandakoarekin.

Hamalau artista 

Arrasate Margo Taldeko artistek maila bikaina erakutsi zuten azokan eta denetariko teknikak ikusi ahal izan ziren bertan. Guztira, hamalau margolarik hartu zuten parte: Maribi Barreno, Ana Juarez, Montse Roldan, Markel Madinabeitia, Ghislaine Jules-Gaston, Xeli Mendizabal, Tano Rivas, Pili Muñoz, Julen Ribas, Bea Arregi, Juan Mari Lopez de Bergara, Gurutze Mujika, Amaia Arantzabal eta Belen Jimenez. 

Belaunaldi berriek kolore berriak dakartzate Margo Taldera

Arrasaten betidanik egon da margolaritzarako zaletasun handia eta 90eko hamarkada hasieran, artista talde batek elkarte propioa sortzea erabaki zuen:  Arrasate Margo Taldea. "Ordura arte Arrasateko Udalak antolatutako margo eskolen bueltan ibiltzen ginen denok, baina artista talde bat batu eta geure kabuz elkartea martxan ipintzea erabaki genuen. Felix Ayala, Quevedo, Arrieta, Xeli Medizabal, Pepita Mendizabal, Montse Roldan eta ni neu ginen tartean –beste asko ahaztu egingo zaizkit seguru–", kontatu digu Amaia Arantzabalek. Urte hauetan guztietan taldea sendotuz joan da eta dagoeneko badituzte urteroko hitzordu finkoak, esaterako, San Juanetako margo lehiaketa eta azken hiru urteetan indarra hartzen ari den arte azoka. Aurten gainera, esperientzia berri bat ipini nahi dute martxan: elkartrukeena. Urretxuko margo taldearekin egingo dute lehenengoa.  

Arrasate Margo Taldea sendotzen ari da azken urteetan eta horren adibide da taldera batu diren margolari berriak. "Pozik gaude jende berria ilusioz beteta eta gogotsu datorrelako", dio Arantzabalek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak