Greba orokorrera begira manifestazioa egingo dute astelehenean Arrasaten

Txomin Madina Milikua 2013ko mai. 22a, 15:14

Maiatzaren 30erako deitu duten greba orokorraren harira, Arrasateko greba batzordeko hainbat ordezkarik  agerraldia egin zuten atzo Arrasaten. Greba beharrezkoa eta ezinbestekoa dela esateaz gain, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna egiteko beharra azpimarratu zuten. Iragarri zuten gainera, datorren astelehenean manifestazioa egingo dutela Arrasaten.

 Besteak beste LAB, ELA, ESK eta STEEI-EILAS sindikatuek eta Sortu, Gaztetxea edo Gorripidea bezalako eragileek osatzen duten Arrasateko Greba Batzordeak atzo egindako agerraldian salatu zuenez, krisia hasi zenetik ezarri diren politikek emaitza bakarra izan dute: krisian are gehiago sakontzea.

Greba batzordeko kideek gaineratu zuten egungo egoera krisiaren aitzakian jartzen ari diren politik ondorio dela, eta politika horien helburua herritarrak pobretzea eta eskubideak kentzea dela. "Madrileko gobernuak inposatu egiten du dekretu eta oinarrizko lege bidez eta Iruñea eta Gasteizko gobernuek, gehiengo  sozialari egindako eraso hauei aurre egin beharrean inposaketok onartzeaz gain euren eremuan poltika antisozial berdinak eta pobretze masiboa dakartenak ezartzen dituzte. Politika horien aldatzera behartu behar ditugu. Eta modu bakarra borroka eta mobiliziazioa" adierazi zuten Greba Batzordetik.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna

Euskal Herriko instituzioei exijitu zieten era berean lehentasun nagusi eta bakarra ez izatea  banka eta multinazional handiak  baizik eta herritarrek bizi baldintza duinak izatea. Gaineratu zuten maiatzaren 30erako deitzen duten greba orokorra beharrezkoa eta ezinbestekoa dela, baina adierazi zuten baita ere beharrezkoa dela beste eredu bat posible dela aldarrikatzetik eredu hori eraikitzera pasatzea. Horretarako lehen urratsa Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna egitea izango dela azaldu zuten, "aldarrikapenerako soilik izan beharrean euskal jendarte guztiaren eta burutzen ari garen borroka denak batzeko lehen pausoa izango den tresna; helburu argien inguruan, eskubide sozial eta laboralen errespetuan eta justizia sozialean oinarrituko den Euskal Herriarendako eredu propio batera eramango gaituen bidea osatuko dutenak".

Zentzu horretan, maiatzaren 30eko greba orokorrak Euskal Herriarentzako alternatiba eraikitzeko prozesuaren bultzada ere izan behar duela gaineratu zuten; baita  Euskal Herriarentzat eredu sozial eta ekonomiko propioa aldarrikatu ere.

Astelehenean, manifestazioa Arrasaten

Greba orokorrera begira girotzeko iragarri zuten datorren astelehenean manifestazioa egingo dutela Arrasaten, arratsaldeko zazpietan seber altube plazatik abiatuta eta herritarrei bertan parte hartzeko deia egin zieten.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak