Irailaren 1ean hartuko du kargu berria Iñaki Etxezarretak; 2003tik zuzendari izan den Txaro Iraetaren eskutik.
Euskal Herriko ikastolarik handienaren zuzendaria izango da Iñaki Etxezarreta, 3.000 ikasle inguru dituena, 300 langile eta 1.600 familia baino gehiago partaide dituena.
2001an hasi zen Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzako ikastolen bategitearen osteko bigarren fase baten hartuko du Etxezarretak kargua eta Arizmendi Ikastolak egin duen bide bereziari eusteko konpromisoarekin hartuko du kargu berria. Ikastolen Elkartean zegoenetik, harreman estua izan du Arizmendikoekin.
Urretxuarra da eta 19 urterekin hasi zen haren herriko ikastolan lanean. 24 urterekin Urretxuko ikastolako zuzendari egin zuten eta 32 urterekin Gipuzkoako Ikastolen Elkartera joan zen, handik Euskal Herriko Ikastolen Elkartearen sorreran murgiltzeko. 2010etik Elkar argitaletxearekin batera euskal curriculuma garatzeko eskola materialarekin lanean ibili da.
Gaur aurkeztu dute zuzendari berria izango dena, Txaro Iraeta, honezkero jarduneko zuzendariarekin, eta Andoni Mujika ikastolako lehendakariarekin batera.
Iraetak nabarmendu du identitate definitua eta alor ekonomikoan saneatua dagoen ikastola utziko duela. Erronka horri helduko dio, esan moduan, Iñaki Etxezarretak. Zuzendaritzako taldeari dagokionez, ekainean zehar aurkeztuko dute, bai izenak zein egitura bera.