Epe formalak bete ondoren, Fagor Arrasatek xurgatu egingo du Onapres, eta deformazio bidezko makina erreminta ekoizlerik handiena bihurtuko da, ia 800 langilerekin, zazpi lantegirekin eta kontsolidatutako 300 milioi euroko fakturazioarekin. Europako makina-erreminta ekoizle handienetako bat izango da, eta estanpazioko bigarren handiena.
Lehendik ere, elkarlan handia
Fagor Arrasate liderra da ondorengoak diseinatu, egin eta hornitzen: prentsa eta estanpazio sistemak, bobina metalikoak prozesatu eta ebakitzeko lineak eta txapazko pieza konplexuak fabrikatzeko ekipo bereziak. Onapres ere 50 urte baino gehiagoan erreferentziazkoa izan da mota askotako prentsa hidraulikoak diseinatzen eta fabrikatzen: trokelen probak egitekoak, produkziokoak, konpontzaileak, press-hardening-ak, piezak SMC eta composite-n edo forjan fabrikatzekoak.
Bi enpresak elkarrekin kolaboratzen zebiltzan azken urteetan, "begi bistakoa" zelako bai bezero eta bai produktuetan zuten sinergia, batez ere automobil sektorean, bezero hauekin: Volkswagen, Ford, Audi, General Motors, Gestamp, Benteler, Ogihara, PSA, Volvo eta abar.
Helburua da automobil sektoreko bezeroendako "irtenbide integral eta osoak" emateko gai izango den partner globala sortzea, "edozein alorretan ekipoak inplantatu ditzakeena; piezek behar duten edozein materialentzat, bai metal edo composite-zkoak izan; edozein teknologiarekin, mekanikoa zein hidraulikoa; produktu-sorta integratua eta berezkoa duena", esan du konpainiako bozeramale batek.