Mondrak 3-1 galdu du Lasarten, bigarren zati osoa bat gutxiagorekin jokatuta

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko mai. 19a, 22:44

Iturrinoren mutilek Aurrera hartuko dute zapatuan; hil ala biziko partidua izango da.

Azken partidura arte defendatu beharko dute maila Mondrako mutilek. Gaurkoa irabazi beharreko norgehiagoka zen, baina Lasarten gelditu dira hiru puntuak. Ostadar taldeak egin du lehenengo gola, baina Arrasatekoak ez dira kikildu eta berdintzea lortu dute. Julen Zaitegik egin du berdinketaren gola. Jaurtiketa bat area kanpotik eta barrura. Emaitza horrekin —1-1— iritsi dira atsedenaldira.

Gorka Dueñas kanporatua

Lutxo Iturrino entrenatzailearen esanetan partidua kontrolatua zegoen, eta irabaztea oraindik ere posible zela sinetsita irten dira Mondrakoak bigarren zatia jokatzera, baina epaileak Gorka Dueñas kanporatu du hasi eta gutxira, eta kanporaketa horrek min handia egin dio taldeari. "Bigarren zati osoa jokalari bat gutxiagorekin jokatu behar izan dugu, eta erabakigarria izan da hori", zioen Iturrinok partidu amaieran. Taldea behera etorri dela azaldu du entrenatzaileak; "eta bi gol egin dizkigute".

Urolak galdu egin du aste bukaeran, eta hori Mondraren aldeko emaitza da. Oraindik posiblea da mailari eustea; hori bai, datorren aste bukaeran gutxienez berdindu egin beharko du Mondrak.

Zapatuan 18:00etan Mojategin

Zapatuan jokatuko du Mondrak txapelketako azken norgehiagoka. 18:00etan jokatuko dira azken jardunaldiko partidu guztiak, baita Mojategikoa ere. Arerio zuzena da Aurrera, eta Iturrinok adierazi duenez baja asko ditu taldean. Andres Castellejo eta Julen Losada lesionatuta daude. Gorka Dueñasek, berriz, zigortuta dago. Martitzeneko eta egueneko saioetan erabakiak hartu beharko dira.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak