Mondragoetarrak Bizkaitik gertuago

Ubane Madera 2013ko mai. 20a, 10:41

Hamabosgarren aldiz, Mondragoetik abiatuta, koadrila ederra ibili zen atzo, domeka, Bizkaia inguruak ezagutzen. Oraingo honetan Areta eta Orozko arteko ibilbidea egin dute, eguraldi fresko eta nahiko ilunari aurre eginez. Gorbeako museoa ikusteko ere aprobetxatu zuten irteera. Hurrengoa, ekainaren 16an izango da. Orozko eta Ubidea arteko ibilbidea prestatu du Besaide Mendi Elkarteak.

07:30ean 26 lagun Garibai geltokian elkartu, eta Areta aldera egin zuten, 08:45erako mendian gora zebiltzala. "Lehenengo mendia Elorritxugana (729m) izan da; gero Jesuriren (749m) tontorreraino igo gara, eta hemendik Santa Marina de Arrola ermitara (666m) jo dugu, hamarretakoa egitera. Honen ondoren hasi gara maldaz bera Orozkoraino", kontatu dute mendizaleek.

Museoa, bazkaria eta bisita

Gaineratu dute 13:00ak aldera iritsi direla Orozkora 14 kilometroko ibilbidea egin ondoren. "Herri honetan Gorbeako museoa ikusi ondoren, bazkaldu eta bisitatxo bat egin diogu herriari. Arratsaldeko lauretan irten gara bueltan Arrasatera".

Esandako moduan, hurrengo irteera Orozko eta Ubidea artean egingo dute. Datorren ekainaren 16an izango da, eta interesa duen edozeinek parte har dezake, Besaide Mendi Elkartean izena emanda. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak