226 kilometroko sufrimenduaz gozatzen duten 'burdinazko arrasatearrak'

Tarragonako L'Ampolla hiriko Ironcat proba amaitu berri dutela, Arbolapetan elkartu gara Iker Laskurain Peter (Arrasate, 1981) eta Javi Rayo (Arrasate, 1979) 'iron man' arrasatearrekin. Nor bere aldetik zen etortzekoa, baina, azken hilabeteetako prestakuntza lanetan batera pasatako ordu luzeen konexioak eraginda-edo, batera heldu dira. Sinkronizatuta egongo balira bezala. Iron man bat egitea zorakeria dela? "Bizitza estilo bat" da, diotenez. Ironcat proban bizitakoez eta etorkizunerako dituzten erronkez egin dugu berba eurekin.

Laskurainek lehenengoz egin du, bestelako probarik apenas egin barik: "Txikitatik igeriketan gustura ibili izan naiz eta halako probetan hasi nintzenean konturatu nintzen distantzia luzeak direla niretako egokienak. Gero, mundu honetan barruraino sartuta dagoen Rayito ezagutu eta jakin-mina piztu zitzaidan. Interneteko bideoetan jende asko egiteko gai zela ikusita, ni ere animatu nintzen". Zortzi hilabetez ibili da proba prestatzen eta lau lesio gainditu behar izan ditu. Amaitzea zen helburu bakarra eta 172. postuan helmugaratu zen –267tik 238k amaitu zuten proba–. Oso pozik dago egindako lanarekin, eta ez da gutxiagorako.

(Argazkia: Rayo eta Laskurain proba hasi aurretik - Haitz Arrieta)

Rayok, berriz, iaz egin zuen lehen ironmana, proba berbera. Baina aurretik ere distantzia luzeko hainbat lasterketa egin ditu eta bost hilabete nahikoa izan dira harendako ondo prestatuta joateko: "Ironman proba prestatzen duten gehienendako ez da lasterketa bat, erronka pertsonal bat baizik. Amaitzea bakarrik lorpen handia da". Hala ere, hamar orduren azpitik helmugaratu gura zuen. Esan eta egin; bederatzi ordu eta 46 minutuan egin zuen, 12. postuan amaituta. 

Psikologiaren garrantzia

Arlo fisikoa ondo prestatu beharra dago, edonor ez da-eta gai igerian 3,8 kilometro, bizikletan 180 eta, hori gutxi balitz, gero arineketan maratoi oso bat egiteko. Prestakuntza bera da "benetako ironmana": "Hilabeteetako sakrifizioa da. Egun baten sei orduz bizikletan eguraldi txarrarekin, eta hurrengo egunerako ere eguraldi txarra iragarrita eta beste bost ordu bizikletan eta bat korrikan. Hurrengoan, berriz, 2.000 metroko saioa igerilekuan... Bizitza estilo bat da, finean. Ez da astelehenetik egubakoitzera bi orduz entrenatu eta aste bukaeran libratzea. Distantzia hauetan ez dira asteburuak existitzen; zapatu eta domeketan entrenatzen da gehien. Gainerako guztia egokitu beharra duzu ondo entrenatzeko", dio Rayok. Diziplina "espartarra" behar dela diote: entrenamendu saio gogorrak egunero, dieta oso ondo zainduta eta deskantsua ere ondo neurtu beharra.

(Argazkia: Iker Laskurain bizikleta proban - Haitz Arrieta)

Hala ere, psikologiaren garrantzia nabarmendu dute biek: "Sinetsi egin behar duzu. Garrantzitsua da zugan sinesten duen norbait izatea ondoan, lanean ondo ari zarela eta erronka lortzeko gai zarela esaten dizun norbait", dio Laskurainek.

Dena ondo neurtu beharra

Probaren egunean, urduritasuna kontrolatzeaz gain, estrategia ondo zehaztu beharra dago. Neurrian jan eta edatea, pultsazioak neurtuta eramatea eta sentsazioak ondo identifikatzea, besteak beste, oso garrantzitsua da. Norberaren gorputza ondo ezagutu beharra dago, edozein detaile txikik hankaz gora jar dezake-eta ordura arteko lan guztia. Proba egunean ordu asko dira gorputza behartzen: "Hain da luzea, pentsatzeko denbora asko ematen dizu. Gerra bat da norberaren buruarekin", esan digu Laskurainek. Exijentzia maila handiaren adierazle da Laskurainek bizikletan zihoala negarra ere irten zitzaiola aitortu izana: "Prestaketa lanaz eta aita, ama zein ondoan izan dudan jende guztiaz akordatu eta hunkitu egin nintzen".

Ez da azkena izango

Merezi al du? Helmugaratzean zer sentitzen den galdetu diegu: "Amaitzen duzunean ez zara konturatzen. Burua ez daukazu uneaz gozatzeko. Hotelera heldu, dutxa hartu eta erlaxatzen zarenean hasten zara egindakoa zureganatzen. Ironman bat egiteko gai bazara edozein proba plantea dezakezu, hori argi dago. Psikologikoki asko indartzen zaitu", adierazi du Rayok. Laskurain ere, antzera: "Aurrean zihoanari bostekoa eman eta ezer gutxi gehiago. Hurrengo egunean hasi nintzen lorpenaz gozatzen".

(Argazkia: Rayo beste kirolari bat aurreratu nahian, bizikleta proban - Haitz Arrieta)

Maiatzaren 11n egindako balentria ez da azkena izango. Rayorendako hurrengo ironmana uztailaren 28an Gasteizen egingo dena izango da eta Laskurain, 2013rako ironman bakarra egiteko asmoa bazuen ere, urriaren 6an Calellan (Bartzelona) egingo denera joango da Rayorekin batera. Dena ondo badoa, noski. Zorionak, biei, eta eutsi goiari!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.