Mondrako mendeurren ekitaldiak martitzenean abiatuko dira

Goiatz Arana Begiristain 2013ko maiatzaren 16a

Iñaki de Mujikarekin jarriko dute martxan egitarau berezia, martitzenean, hilak 21; Herri Irratiko esataria Kulturaten izango da, hainbat jokalari ohirekin irratsaioa egiten; Mondrako, Realeko eta beste talde batzuetako jokalariak izango dira. 19:00etan hasiko da saioa. Mendeurrenaren harira prestatzen diharduten egitarau oparoko lehen ekintza izango dira, baina hainbat izango dira urte bukaera bitartean.

Hitzaldi-mahai inguruaren ostean, ekainaren 8rako antolatu dute bigarren ekintza, Ardo eta Gazta Egunarekin batera.

Danborrada berezia

Hilabete horretan bertan, San Juanak ospatuko dituzte Arrasaten, eta modu berezian ospatuko dituzte aurten Mondrakoek. 23ko danborradan talde zuri morea izango da protagonista nagusietako bat, nobedade eta guzti, gainera, konpartsa propioa osatuko dutelako: goiko mailan jokatzen duten 32 neska-mutilek egingo dituzte danbor-jotzaile lanak.

80 urtetik gorako Mondrako jokalari ohiekin afaria egingo dute lehenik, eta omenaldia jasoko dute gero, udaletxeko balkoira irteterakoan. 

Taldearen ereserki berria izango da bigarren berrikuntza: Jose Ramon Vitoriak berritu du eta helduen nahiz txikien danborradan, bietan, joko dute. Eta nagusien danborradaren biharamunean ere, 24an, izango da himno berritu hori entzuteko aukera, Arrasateko Bandaren eskutik, Monterronen.

Jaiak pasata, ekainaren 28an, Gipuzkoako Futbol Federazioaren batzarra hartuko du Amaia antzokiak.

Realarekin aurrez aurre

Mendeurreneko ekitaldi potoloenetako bat Realaren bisita izango da, ordea, hilabete askotako hartu-emanen ostean, uztailaren 5ean etorriko baita talde zuri-urdina Mojategira.
 
Hala, gauzak ondo bidean, Europan jokatuko duen Reala izango dugu uztailaren 5ean (egubakoitza) Arrasaten, eta hain zuzen, txuri-urdinendako denboraldi hasiera izango da: "Realekoek uztailaren 1ean hasiko dituzte entrenamenduak, eta handik egun gutxitara izango ditugu Mojategin. Mondrako jokalariak oporretan izango dira ordurako, baina asmoa da herriko jokalariek hainbat entrenamendu saio egitea partidu txukuna ikusi ahal izateko", kontatu zigun Mondrako Zuzendaritza taldeko Fernando Laspiurrek, albistea konfirmatu berritan, apirilaren 24an. 

Bi talde horien artean dagoen aldeaz galdetuta, Laspiurrek garbi dauka Realaren helburua ez dela sekulako errepasoa ematea, eta bai jai batean parte-hartzea: "Asmoa da arrasatearrak Mojategira gerturatzea”. 

Eta gehiago

Uztaileko lehen astean, baita ere, argazki erakusketa ipini eta ikus-entzunezkoa eskaini asmo dituzte Kulturaten; eta hil horren 17an, Mondra Futbol taldearen batzar nagusia izango da 19:00etan, Kulturaten.

Urtea bukatu bitartean, beste hainbat eta hainbat ekintza ere izango dira, nahiz eta oraindik zehazteke dauden horietako hainbat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak