Aho batez onartu zuten kooperatibek Etxetresnendako diru-fondoa sortzea

Leire Kortabarria 2013ko mai. 14a, 11:27

70 milioi euroko Berregituratze eta Enplegu Sozietariorako Fondoa sortzea onartu zuen aho batez atzo Mondragon Korporazioaren Kongresuak. Helburua da "etorkizuneko bideragarritasuna eta enplegu iraunkorra" babestea. Neurria apartekoa da eta denbora jakin baterako. Zuzkidurak (dotazioak) bost urtean itzultzeko izango den mailegu bidez egingo dira. Agustin Markaidek, Kongresuko presidenteak esan zuenez, "elkartasun adibidea izan da hartutako erabakia", eta esker oneko mezua helarazi zien kongresukide guztiei aho batez hartu zuten erabakiagatik.

Taldeak Bideragarritasun Plan bat diseinatu du bere egitura etxetresna elektrikoen sektorearen errealitate berrira egokitzeko, azken bost urteetan sektoreak %56ko beherakada izan baitu. Plan horren ardatza da 2013an barne merkatuak izan duen jaitsiera nazioarteko merkatuarekin konpentsatzea, merkatu horietan %10 haziz.

Erabaki horrekin, "kooperatibistek Mondragoneko ereduari leial izaten jarraitzen dute,  elkartasuna eta lankidetza, egungoaren moduko krisi egoeretan bereziki eraginkorrak izan diren printzipioak, oinarri izanik", esan du Korporazioak.

Berregituratze eta Enplegu Sozietariorako Fondoa (BESF), 70 milioi eurokoa, Fagorrek 2013-2016 aldirako diseinatu duen Plan Estrategikoan zehazten den berregituratzerako erabiliko da; izan ere, plan horretan konpainia "errealitate berrira egokitu beharra" planteatzen da, "etxe sektoreko merkatuaren gainbeherak eta kanpo merkatuetako dinamismo handiagoak markatuta dagoen errealitatera, alegia".

%37 gutxiago saldu dute

Mondragonek onartu du krisiak "modu dramatikoan" egin diola "eraso" etxetresna elektrikoen sektoreari, eta horrek sektoreak azken bost urteetan %56 behera egitea ekarri du. Fagorren kasuan, salmentak %37 gutxitu dira aldi horretan, 600 milioi euro.

Fagor Etxetresnek neurriak hartu dituzte azken urteetan, lana egokitzeko eta egitura gastuak murrizteko neurriak, hain zuzen, eta 78 milioi euro aurreztea lortu dute. "Halere, krisia hain gogorra da eta suspertzeko aukerak hain urrun daude, egindako egokitzapenak ez dira nahikoa izan, eta beste neurri batzuk planteatzeko beharra dago", esan du Mondragon Korporazioak. Neurri horietako bat da 70 milioiko fondoa sortzea.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak