Orokorrean eta larregi aurreratu barik: zertaz egingo duzu berba?
Historian testu-inguratzea oinarrizkoa da eta Nafarroako Erresumaren inbasioa hasi aurretiko hainbat xehetasun azalduko ditut. Inbasioaren gainean, Nafarroakoa eta Gaztelakoa gizarte ezberdinak zirela azalduko dut; egun ere hori islatzen duten adibideak badaude-eta. Hainbat xehetasun emango ditut Nafarroako Erresumak jasan behar izan zituenez.
Zein zerikusi du Arrasatek Gaztelako erregeekin?
Alfontso X.ak, lurraldea kontrolatuta izateko, ondo gotortutako hiribilduak sortzen ditu. 1256. urtean Nafarroako Erregea, Teobaldo II.a, Alfontso X.arekin bildu zen Gasteizen. Teobaldo II.-ak Nafarroa bere osotasunean itzultzeko eskatu zion Alfontso X.-ari –Esteban de Garibai historialari arrasatearrak ere jaso zuen bilera hori–. Gaztelako erregeak, lotsagabe bat zenez, baiezkoa eman zion baina hilabete berean Agurain sortu zuen, Gaztelako muga indartzeko. Lau urte beranduago, 1260an, eman zion Arrasateri hiri-gutuna. Aurretik, baina, hiribildua egon bazegoen eta hori ziurtatzen duten agiriak badaude.
Gaztelako erregeak, ordea, hiribildu hori gotorleku egin zuen. Zertarako? Lurraldea eta herritarrak kontrolatzeko. Izan ere, biztanleria harresi artean bizi bazen askoz errazagoa izango zen kontrolatuta mantentzeko. Horrekin batera, biztanleria bere jarraitzaile ziren oligarkien eskuetan utzi zuen Gaztelako erregeak. Horiek eta beste hainbat aspektuk lagundu zuten konkistatzaileak gure herrian finkatu zitezen.
Hitzaldi zikloaren helburuetako bat da historia ondo kontatzearen garrantzia nabarmentzea. Zein iritzi duzu gai horren gainean?
Ezinbestekoa da historia ondo kontatzea, oinarrizkoa. Edozein norbanako zein gizarterendako zer gertatu den jakitea oso garrantzitsua da. Historia ez da neutrala; benetan zer gertatu zen jakin behar dugu egungo egoera zein den ulertzeko eta beraz, etorkizuna nola eraiki daitekeen aurreikusteko. Askok diote dialektika bat dela euskaldun eta espainolen artean, karlista eta liberalen artean, agaramontar eta beaumontarren artean, oinaztar eta ganboatarren artean...
Baina hori ez da arazoa: gizarte dominatzaile eta konkistatzaile bat dago alde batetik; hori da Gaztela, egun Espainia dena. Beste aldean dago Nafarroa, gurea, beste eredu politiko bat eta nazio ezberdin baten izaera duena. Konkistatuak izan gara eta ordutik euren menpe izan gaituzte. Hainbat alditan saiatu dira disimulatzen edo beste era batera esaten baina dialektika, finean, honakoa da: konkistatzaileak eta konkistatuak. Ez gara hobeak edo okerragoak, batzuk konkistatzaileak dira eta besteak konkistatuak.
Konkistatzaileak konkistatua ukatu gura du. Euren politikak ukatzaileak izan dira betidanik. Horregatik egia azaleratu behar dugu. Izan ere, gure gizarteari politika konkistatzaile zehatz batzuk aplikatzen zaizkio.
Azaleratzeko lan hori egin gabe dagoela uste duzu?
Hasierako puntuan gaudela esango nuke. Pazientziarekin eta behar den moduko zabalkundearekin joango gara konturatzen. Katalunian, adibidez, konturatu dira konkistatutako gizarte bat direla. Eurak konturatu dira; beste kontu bat da Espainiako komunikabideek nahi dutena ulertzen dutela eta beraz, nahi dute helarazi. Bestalde, gai batzuk daude onetik ateratzen nautena. Borondatezko entregatzearena da bat. Herri bati borondatez entregatzea eskatzea, borondatez esklabo egitea eskatzea modukoa da. Borondatez entregatu? Askatasuna ez da sekula borondatez ematen.
Ziklo honek oso harrera ona izan dute orain arte. Nola baloratzen duzu arrasatearren interes hori?
Arrasate oso herri berezia da. Gustatu edo ez, ekonomiak agintzen du eta Arrasaten ekonomiak pisu handia duenez, herri moduan indar eta kemen handia erakutsi izan du. Gure historiaren gaineko hitzaldiek interesa piztea oso positiboa da; herritarrek interesa agertzen badute bide onetik goazela esan gura du.