Ford Mugarri, Lehenengo Nazional Mailara

Mireia Bikuña 2013ko mai. 13a, 01:00

Hirugarren partiduan Santoñari 22-29 irabazi ostean, Pablo Gartziaren taldeak amestutako igoera lortu du. Egubakoitzean 29-26 menderatu zuen Madrilgo Virgern Europa taldea, eta zapatuan 28-28 egin zuen Pontevedraren kontra.

Kostatu zaie, baina azkenean bai: hiru urteren ostean, Ford Mugarrik lortu du Lehen Maila Nazionalerako txartela lortzea. Santoñan jokoan egon den igoera fasea ez da erreza izan, eta seguru jokalariek buruan zituztela aurreko bi urteetako desengainuak. Gaur etxeko taldearen kontra, hau da, Santoñaren kontra jokatutako norgehiagoka izan da erabakigarria.

Arrasatearrek, egubakoitzean Virgen Europa Madrileko taldeari 29-26 irabazi ostean, atzo Pontevedraren kontra azken segundoetan 28-28 berdindu zuten. Igoera lortzeko derrigorrezkoa zuten sailkapenean lehena zen Santoña mendean hartzea eta horrelaxe egin dute.

Uneoro aurretik

Pablo Gartziaren mutilak gogotsu irten dira kantxara, eta lehen unetik eurak izan dira nagusi. Hala, bosgarren minutuan 1-2 zegoen markagailua; hamargarrenean 3-6 eta 25. minutuan, 7-11. Santoñako entrenatzaileak hutsartea eskatu du orduan, eta badirudi arrasatearrak apur bat partidutik irten direla. Hala, atsedenaldian 11-12 zen emaitza.

Bigarren zatia gogorrago hasi zuten kantabriarrek, eta 13-13 eta 15-15 berdintzea lortu dute. Dena den Ford Mugarrikoak izan dira berdinketa guztiak hautsi dituztenak.

Neurketaren 40. minutuan fisikoki asko jaitsi dira aurkariak eta markagailuan aldea handitzen hasi da: 45. minutuan 16-19 zen aldea. Arrasateko atezainanen dantza hasi da orduan: Txabarriren partez Ekaitz sartu zen. Baina hau ez zegoen gustura egiten ari zen lanarekin, eta Valle jarri da orduan atezain.

50. minutuan sei gol aurretik zihoazen arrasatearrak. Azken minutuetan saiatu dira kantabriarrak aldaketak egin eta partiduari buelta ematen, baina ez  dute horrelakorik lortu: handiagoak izan arren, arrasatearrak biziago ibili dira.  22-29 izan da emaitza.

Zaleei eskerrak

Behin norgehiagoka amaituta, Andoni Arando Ford Mugarriko ordezkariarentzat markagailuan beti aurretik joatea izan da neurketaren gakoa, eta gustura agertu dira bai bera eta baita entrenatzailea ere epaileen lanarekin: "Bi taldeekin berdin jokatu dute". Talde guztiaren paretik gainera, eskerrak eman gura izan dizkiete jarraitzaile guztiei. Izan ere egunotan ez dira gutxi Santoñan Ford Mugarri animatzen egondako arrasatearrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak