Bazkide kopurua bikoiztea Harrera elkartearen erronka

Lehenego urtea pasata, Harrera elkarteak batzar orokorra egin du gaur goizean Arrasateko Kulturateko areto nagusian. Urteko jardunaz egin dute berba, bai eta etorkizuneko erronkez ere, besteen artean.

Jende ugarik hartu du parte Harrera elkarteak egindako batzar orokorrean. Ikus-entzunezko baten ostean, Andoni Iturriotz elkarteko lehendakariak bideo bitartez hartu du parte bileran.

Oro har, urtebeteko jardunaz egin dute berba Arrasaten elkartutakoek, eta etorkizunera begira ere ipini dira. Hori horrela, Harrera elkartearen sarearen koordinazioari buruz egin dute berba, arazo administratiboez eta horiei ematen zaien erantzunei buruz, eta  lan eta formakuntzaren inguruan jorratutako bideak azaldu dituzte. Gainera, aurrekontuak ere hartu dituzte ahotan.

Kide berrien beharra

Hainbat gai ipini dituzte mahai gainean gaurkoan. Hala, egun elkartea 800 bazkidez osatzen dela aipatu dute eta aurrera begira beste horrenbeste lortzearen garrantziaz hitz egin dute, esaterako.

"Talde handia gara eta lortu daiteke", adierazi du bideoan Iturriotzek. Horretarako, jendea arazoaz eta elkartearen beharraz konbentzitu behar dela aipatu dute, "ez soilik gure ideia bera dutenak, gainera".

Arazoen aurrean, elkartasuna

UKulturateko aretoan gaineratu dutenez, preso eta iheslariek etxeratzerakoan ziklo bat itxi, eta beste bat zabaltzen da. Arazoak agertzen dira orduan: ekonomikoak, administratiboak... Guzti horri aurre egiten laguntzeko taldea da Harrera eta igarri duten elkartasun eta atxikimendua handia dela eman dute aditzera.

Dena dela hori, desberdin igartzen dute lurralde bakoitzean. "Bizkaia eta Gipuzkoan indaartsua da, eta nahiz eta gogor saiatu, Araba eta Nafarroan ez gara nahiko genukeen tokira iritsi oraindik". Ipar Euskal Herriko kasuan, kide gehienak hegoaldekoak direla esan du Gabi Moueska, bertako koordinatzaileak, eta "etxera itzultzeko nahia dute, gainera".

Arazo administratibo eta juridikoak izaten dira, ekonomikoaz batera, aurkitzen dituzten traba handienak, Harrerako kideek azaldu dutenez. "Osasun txartela eta nortasun agiria lortu behar izaten dute. Askok gainera, ez dute baliabide ekonomikorik, denbora luzez egon baitira etxetik urruti".

Urtebeteko bidearen balorazioa

Urtebeteko bidea duen elkartearen balorazio positiboa egin du orokorrean Juan Karlos Ioldi lehendakari ordeak. Erronka ezberdinak ipini dizkiete euren buruei elkarteko kideek. Batetik, bazkide kopurua bikoiztea; bigarrenik laguntza ematen jarraitzea, diru-laguntzak bermatuz, esaterako.

Helburu nagusienetariko bat elkartean lanik gabe dauden pertsonen kopurua zero izatea bilatzea izango dela adierazi dio Goienari Ioldik bilkuraren amaieran.

Amaitzeko, jende guztia animatu gura izan dute diru ekarpena egin dezaten; hala, etorkizuneko arazoak konpontzeko baliabide gehiago izango lukete eta.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.