Azken atxiloketen kontrako aldarriak Arrasateko kaleetan

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko mai. 10a, 22:40

Jende ugari elkartu da Arrasaten azken atxiloketak salatzeko deitutako manifestazioan parte hartzeko. Biharko ere agerraldia iragarri dute, 12:30ean, Herriko Plazan.

Eragile ugarik egin dute Arrasaten egin den manifestaziora joateko deia, eta asko izan dira atxiloketak salatzeko zein Kepa Arkauz eta Julen Mendizabal arrasatearren eta beste lau euskal herritarren egoeraz kezka adierazteko bertaratu direnak.

Seber Altube plazatik abiatu da Gatazkaren konponbidean atxiloketarik ez! lelopean manifestazioa eta toki berean amaitu da, kaleetan zehar elkartasun eta salalaketa oihuak entzun dira.

Esan bezala, talde ezberdinek deituta zegoen agerraldia, tartean hainbat sindikatuk (LAB, ELA, ESK...), alderdi politikok (Eusko Alkartasuna, Sortu, Aralar...) edota gizarte eragilek (Euskal Herrian Euskaraz, Askapena...).

Manifestazioaren amaieran LABeko ordezkariak irakurri du adierazpena. Hala, herritar zein eragileei horrelako egoeren aurrean aktiboki parte hartu dezaten dei egin diete. Horrez gainera, martitzenean atxilotutako bi arrasatearrak inkomunikazio egoeran daudela salatu eta kezka azaldu dute egoeragatik. Bestalde, euskal gizarteak bizi duen egoera hobetzeko oraindik asko dagoela egiteko azaldu dute, eta besteen artean, elkarrizketa bideak irekitzea aldarrikatu. 

Amaitzeko, bihar zapatua, 12:30ean Arrasateko Herriko Plazan elkarretaratzea egingo dutela eman dute jakitera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak