Instrumentu guztiak martxan Arrasate Musikaleko zikloan

Mireia Bikuña 2013ko mai. 10a, 15:08

Hilaren 4an hasi zuen Arrasate Musikalek ziklo musikala; eta ekainaren 28ra arte, eskolako instrumentu guztiak martxan ipiniko ditu, askotariko 22 emanaldi egiteko. Arrazoia, bat eta bakarra: Arrasate Musikalen 40. urteurrena.

Hori behar den moduan ospatzeko jai handia maiatzaren 25ean egingo dute, baina aurreko eta ondorengo asteetan, txistu, gitarra, saxofoi, gaita, biolin, piano, tronboi eta bestelako instrumentuekin kontzertuak egingo dituzte.

Askotariko instrumentuak 

Ziklo musikaleko lehen emanaldia, esan bezala, maiatzaren 4an egin zuten Herriko Plaza Nagusian. Hain justu ere, txistularien doinuak izan ziren protagonista. Bada, oraingo aste bukaeran, biolinak izango dira nagusi, Kulturaten, 18:30ean. Martitzenean, hilaren 14an, aldiz, gitarra astinduko dute Arrasate Musikaleko ikasleek. Emanaldi hori ere Kulturaten izango da, 18:00etan.

Hauek dira ziklo musikaleko maiatzeko emanaldiak: hilaren 17an saxo eta gaita emanaldia (Kulturaten, 18:30); hilaren 22an biolinena (parrokian, 20:00); hilaren 23an gitarrena (Kulturaten, 18:30); hilaren 28an tronpa eta tronpetena (musika eskolan, 18:30); hilaren 29an kantu kontzertua (parrokian, 20:00); eta hilaren 31n saxofoien emanaldia (musika eskolan, 18:00).

Ekainean ere beste hainbat emanaldi egingo dituzte. Horietan, biolontxeloa, klarinetea, pianoa eta tronboia izango dira nagusi. Gainera, ekainaren 14an Hezkuntza Berezikoek emanaldia egingo dute musika eskolan; eta ekainaren 21ean, kurtso bukaerako kontzertua Amaia antzokian.

Azken bi emanaldiak Monterronen egingo dituzte: Arrasate Musikaleko Bandak kontzertua egingo du hilaren 24an, San Juan egunez, 13:00etan; eta Big Band taldeak hilaren 28an, 22:30ean

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak