Hainbat baieztapen aipagarri egin ditu Tonuccik hitza hartu duenean. Hasteko, Txatxilipurdi izena bera oso esanguratsua dela eta gaiarekin bat datorrela esan du: "Buelta bat ematea esan nahi du, gauzak aldatzea, eta liburua hori aldarrikatzera dator, aldaketa bat".
Hainbat baieztapen esanguratsu
Aurkezpenean zehar hainbat esaldi esanguratsu bota ditu psikologia ikerlari italiarrak.
-Jaso dituen sarien gainean: "Ez dakit zenbat hiritan izendatu nauten hiritar ospetsu, ez dakit zenbat hiritako giltzak ditudan, honoris causa ere banaiz ikastetxeren baten... Nik proposatzen dudanak ez luke saririk merezi beharko, sen onekoa da esaten ari naizena. Hel dadila eguna honek guztiak errekonozimendurik mereziko ez duena".
-Autoei diegun miresmenaren gainean: "Autoen eskubideak gure haurrenak baino lehenago defendatzen ditugu. Autoenganako maitasuna gehiagotan erakusten dugu, gure haurrekiko duguna baino".
-Alkateari egindako eskaeren gainean: "Alkateak haurrak entzuten badu ikuspuntua irekiko du eta beraz, alkate hobea izango da".
-Haurrei entzutearen zailtasunen gainean: "Oso zaila da haurrari entzutea. Batetik, gehienetan ez digute benetan uste dutena esango, nahiago dutelako helduoi gustatzen zaizkigun gauzak esatea. Hala erakutsi diegu txiki-txikitatik. Bestetik, behin benetan uste dutena esaten digutenean, eurekin kolaboratzen hasteak beste hainbat heldurekin arazoak izango lirateke. Zaila da haurrari entzutea, baina merezi du".
GOIENArako izan dituen berbak
GOIENAk ere galdetu dio liburuaren gainean: "Haurren hiria diogunean, guztion hiriaz ari gara. Izan ere, haurrek ez dute ulertzen norbait kanpoan uzten duen hiri bat. Ez dute ulertzen aitona, anaia txikia, txakurra edo landareak baztertzen dituen hiria. Haurrak hiriaren ikuspuntu ekologiko bat dauka eta baita zientziak uste duenarengandik oso gertukoa ere. Bestalde, azken urteetan eraiki dugun hiriarengandik oso urrun dago haurraren ikuspuntua. Haurrek aldaketa eskatzen dute. Liburua alkateei aurkezten zaien proposamena da, hiria era zuzenean eta demokratikoan eraiki dezaten".
Liburua euskaratu izana, "ohore" bat
Maider Elkorok euskaratu du liburua eta Txatxilipurdikoak gustura geratu dira emaitzarekin. Liburua euskarara itzuli izana "ohore" bat dela gaineratu du Tonuccik eta "interesgarria" dela hiriaz eta horiek kudeatzen dituztenez egiten duelako berba: "Irakurleak bere hizkuntzan irakurtzerakoan gertukoa sentitzen du liburua eta hori positiboa da. Asko eskertzen dut euskarara ere itzuli izana".