Gaur hasi eta domekara arte, festa giroa nagusi Musakolan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko maiatzaren 10a

"Axerikoa zubian gure astoa ikustea gura dugu, orain dragoiez beteta dago-eta. Ez dugu dragoi guztiak kentzea eskatzen baina gure estandarteak leku bat merezi du. Kalean galdetu digute ea alkatetzatik ez dugun gai horren gainean ezer egin behar jaietan; egingo dugu zerbait, astoa ikusi arte ez dugu etsiko", adierazi digu umoretsu Jesus Mari Apraizek. Arrasateko auzorik independenteeneko jaiak ondo ezagutzen dituen inor badago, Apraiz da hori. Beti bezain 'saltsero', beti bezain gertuko, baita Musakolakoak ez direnendako ere: "Auzorako sarrera doakoa izango da denendako. Auzokoak ez direnak ere ongi etorriak izango dira; ondo eramaten gara denekin. Denok zaudete gonbidatuta". Gaur hasi eta domekara arte festa giroa izango da nagusi Arrasateko auzorik 'independenteenean'.

Jaietako ekintzak joan den aste bukaeran hasi ziren baina gaurko, biharko eta etzirako gorde dituzte ekintza potoloenak. Aurtengo nobedadeen artean, gaueko rock kontzertuaren ordez gaztetxoendako DJ emanaldiak antolatu izana aipatu digu Apraizek: "Rock kontzertu bat kendu dugu, azken urteetan ez zen-eta jende asko egoten. Horren ordez DJ emanaldi bat antolatu dugu, gaztetxoak mugi daitezen".

Biharko herri bazkarian, 200 lagun

Bestalde, biharko herri bazkarian 200 bat lagun izatera helduko dira, "inoiz baino jende gehiago". Martitzenean btu zituzten zerrendak eta 185 lagunek emanda zuten izena dagoeneko. Urrezko Astakiloa nor izango den ez digu aurreratu, noski: "Jaietan bakarrik ez, auzoaren alde lan egiten duenari ematen zaio saria. Auzotarren artean oso sari estimatua da, ohore bat". Gainera, eguraldiak ondo helduko diola dirudi. Batez ere bihar eta etzi, "egunik handienetan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak