Zalantza barik, gai-zerrendako puntu garrantzitsuena diru-fondo berri bat sortzearen gainekoa izango da. Kongresuak hura sortzea onartzen badu, 70 milioiko dotazioarekin jaioko da, eta helburu nagusia Fagor Etxetresna Elektrikoei laguntzea izango da.
Fondoa sortzearen alde edo kontra bozkatzeko orduan, kongresuak kontuan izango ditu Fagor taldeak bere batzar orokorretan hartu dituen erabakiak. Fagor taldeak bihar, zapatua, bukatuko ditu bere batzarrak, Fagor Ederlanenarekin. Baina Fagor Etxetresnen batzar orokorrak hartutako erabakiek izango dute pisu handiena, fondoko diru-laguntza kooperatiba horrendako izango delako.
Soldata jaitsi
Fagor Etxetresnetako bazkideek bi egunetan egin zituzten batzar orokorrak. Martitzenean 2.000 bazkidetik gora batu ziren Uarkape pilotalekuan. Eguaztenean, Basaurikoak (Edesa) batzartu ziren. Bertan, soldatak beste koska bat jaistea baloratu eta bozkatu zuten; hain zuzen, % 6,48 jaistea, % 80ra arte. Boto horiek astelehenean zenbatuko dituzten arren, ezuste handirik ez badago, bazkideek onartu egingo dute proposamena; izan ere, konpainiak datozen urteotan aurrera eroan nahi duen plan estrategikoaren bidetik doa, eta laguntza-fondoa sortzeko baldintza da.
Astelehenean zenbatuko dituzte ere batzarrean eztabaida handiena piztu zuen puntuaren gaineko botoak: hain zuzen, bazkideen lanpostua seme-alabei uzteko puntua kentzea proposatzen zen. Hori ere Fagor taldeko kooperatiba guztiek banan-banan bozkatu dute.
Bestalde, kontseilu errektoreko zazpi postu berritzea edo aukeratzea egokitu zitzaien Fagor Etxetresnetako bazkideei; besteak beste, presidentea aukeratu behar zuten. Xabier Bengoetxea izendatu dute presidente gisa. Kontseilu Errektorearen eta Kontseilu Sozialaren hautagaia zen. Zuzenbidean EHUn lizentziatua da eta 2008tik konpainiako Giza Baliabideetako zuzendaria izan da, eta Kontseilu Errektoreko kidea orain bi urtetik. KontseiluBerria iniziatibak bere lehendakarigaia ere proposatu zuen.
Gestio plana, aurrera
Etxetresnen batzar orokorreko beste gai garrantzitsuenak ere onartu egin zituzten kooperatibistek: 2013ko aurrekontuak eta gestio plana eta 2012ko aurrekontuak, besteak beste.
Aurtengo gestio planaren helburua hau da: salmentei eustea atzeraldian dauden merkatuetan, eta "nazioarteko merkatu estrategikoetan" haztea, Fagorren marka nagusiak sendotuta, produktu berriak merkaturatuta eta Fagorrek Egosketa lerroan duen lidergoari eusteko inbertsio-plana martxan jartzea.