San Pankrazio eguna ospatuko dute eguenean Goi Eskola Politeknikoan

Imanol Gallego 2013ko maiatzaren 8a

Eguena, egun handia izango Mondragon Unibertsitateko ikasleendako. San Pankrazio eguna ospatuko dute, eta, urtero moduan, jai egitarau ederra prestatu dute.

Goizean goiz hasiko dira jaieguna ospatzen. 09:00etan, nagiak kentzeko, taldekako jokoak izango dituzte. 11:00etan, tradizio bilakatu den arrautza-jaurtiketa izango dute. Txapelketa horren helburua da ikasleek arrautza babestuko duen aparailua diseinatzea. Hala, ikasleek arrautza aparailuan sartu eta laugarren solairutik ahalik eta urrunen botatzen dute. Hegaldi luzeena saritzeaz gain, diseinu originalenak ere jasoko du saria. 12:00etan, etxafuegoa bota eta ofizialki egunari hasiera emango diote; 13:00etan, auto telegidatu lasterketa egingo dute.

14:00etan, herri bazkaria egingo dute; txartelak, sei euroren truke, Kirol Zerbitzuan, 4.102 gelan eta Txitxinpen eta Zeppelinen daude salgai. Bapo jan eta digestioa egiteko astia izan ostean, 16:30ean, elektrotxarangarekin txikiteoa egingo dute. Horrez gain, arratsaldean, eskolako zelaian jam sesioa izango dute.

Eguna bukatzeko, kontzertuak

Iluntzean eta gauean, nola ez, zuzeneko musika izango da protagonista –20:00etan hasita–: Sextoners, Rawsky, Keepsake, Menim eta Gugaz berbena taldeek girotuko dute ospakizuna. Eta, horren ostean, campuseko frontoi txikian karaokea izango da. Lastland DJren erritmoek emango diote amaiera aurtengo San Prankazio egunari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak